argia.eus
INPRIMATU
Euriak ez zuen gelditu baina

IƱigo Satrustegi @InigoSa 2023ko irailaren 15

CHILL MAFIA
Non-noiz: Mendillorriko Txosnagunean (Iruñea), irailaren 9an.

-----------------------------------------------------------

Hasieratik esanen dut ez zela izan espero nuen kontzertua, edo ez nuela aurkitu espero nuen giroa behinik behin. Hilabeteak ziren Chill Mafiak kontzerturik ematen ez zuela eta gogoa egon bazegoen. Arratsalde osoan zehar bi mamu aritu ziren Mendillorriko txosnagunearen inguruan: 1) Euriak etenik emango al du? Eta 2), batez ere, Kiliki azalduko ote da? Azkenerako, jendetza bildu zen pista gorriaren inguruan larunbat gauean. Dena aldeko zuten: etxean (auzoan), Iruñerri osotik etorritako fansak eta atertzera eman zuen zerua. Baina ez dakit zertan ez zuten asmatu, edo zergatik ez ninduen ohi bezala engantxatu.

Eszenatokira euritakoa eskuan igo ziren (Kiliki ere bai), eta Sarak ere ekipoa estaltzeko bazuen txiringitoa muntatuta. Jota tuneatu batekin hasi ziren, ez nuen ezagutzen, eta entzun ere, gehiegi ez zen entzuten. Gero etorri ziren Ben Yart eta bere outfit beti performatiboa kantura, eta taldearen kanta ez hain ezagunak. Ordura arte esanen nuke espektatibak goian genituela oraindik kontzertuak goia noiz joko.

Lagun batek dio ez dela talde batere txosneroa. Azkenean ekipo on bat behar dela eta horrek zapuzten duela dena. Beste batek esan zidan Ben Yarten kantak ez dakizkien pertsonari astuna egin dakiokeela kontzertua, eta nahiago duela Ben Yartek kontzertua bakarka ematen duenean. Hirugarren bati ere eskatu nion iritzia, eta zalea izanik ere, esan zidan besterik gabe kontzertu txarra izan zela.

Egia esan, azkenerako karparen azpitik kanpoaldera atera ginen ez genuelako tokiarekin asmatu (ez ordea, karparen postean igota dena eman zuen gaztetxoak). Horrek ere baldintzatzen du nola bizi duzun kontzertu bat. Kanta ezagunenak (Barkhatu, ay que emoción, 31014, Mañaneo, Gazte arruntaren koplak…) amaierarako utzi zituzten eta irudipena, kanpotik behintzat, ez zen estasi kolektiboarena. Are, jaleikoa eskatzen zuten goitik behin eta berriz, seinaleren bat ere ematen zuen horrek.

Zer ziren eta zertan bilakatu diren galdetu zidaten. Tira, ba ez dut esango agortu den fenomenoa denik. Ikusi besterik ez dago zenbat jende (oso ezberdin) batzeko gai diren. Talde guztiek bezala bolo onak eta txarrak dituzte. Kontzertu bat, gainera, faktore askoren emaitza ere bada eta larunbatean, niretzat, dena aldeko zuten arren, kontrako eragileen kate bat izan zen. Euriak ez zuen Chill Mafia gelditu, baina ze pena. Neguan Zentralen eman zuten kontzertu kasik epikoaren oroitzapena gorde beharko dut hurrengora arte.