argia.eus
INPRIMATU
Euri uretan ere pestizidak daudela frogatu dute lehen aldiz Uruguain
  • Uruguaiko Paysandú departamentuan egindako ikerketa batean pestizida arrastoak aurkitu dituzte zerutik datorren euriko uretan. Hainbat ikerlarik laborategian aztertu dute ura eta intsektizidak eta fungizidak dituela ondorioztatu dute.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 02a
Uruguaiko 'Busqueda' astekarian eman dute aurkikuntzaren berri.

76.000 biztanle inguru dituen eskualdean egin dute froga Uruguaiko hainbat unibertsitateko kimikari eta farmakologoek, Paysandúko nekazal ingurunean modu zehatz batean ura jaso –lurretik metro eta erdiko garaierara jarrita zeuden botila berezietan– eta laborategian ikertu ondoren; Búsqueda astekariak eman du horren berri.

Pestizida arrasto nabarmenak aurkitu dituzte 2018ko maiatza eta uztaila artean jasotako laginetan: malaoxona, imidacloprida eta propiconazol fungiziada ezaguna, besteak beste. Esaterako, laginetako batean litroko 5 eta 7 nanogramo artean malaoxon intsektizida aurkitu dute.

Lehen aldia da atmosferatik zuzenean datorren uran halako kutsadura antzematen dela eta ikerlariek azaldu dutenez, "nolabait, pestizidek lortu dute uraren zikloan sartzea". Ikerketan diote kopuruak "baxuak" direla, ez dituztelako arauz baimendutako mugak gainditzen, baina hektareaka kalkulatuz gero egoera zeharo aldatzen da eta pozoin kopuru "esanguratsua" topatu dute egindako eurian.