argia.eus
INPRIMATU
Euneiz unibertsitate pribatuko presidenteak dio ez dutela diru publikorik jasoko
  • European University Gasteiz (EUNEIZ) unibertsitate pribatuko presidenteak martxan jarri nahi duten proiektuari buruzko azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Adierazi du ez dutela dirulaguntza publikorik jasoko, 400 postu baino gehiago sortuko dituztela eta ikasleek euskaraz ikasteko aukera izango dutela. Unibertsitatea onartzeko lege-proiektua bertan behera uzteko eskatu du LABek.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 18a
Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Dagoeneko EHUk eskaintzen dituen tituluak emango dituela, negozioa egitea duela helburu eta unibertsitate publikoaren kalterako izango dela. Hori Gasteizen irailetik aurrera zabaldu nahi duten unibertsitate publikoari STEILAS eta ESK sindikatuek (besteak beste) leporatu izan diotena. Oraingoan, Hezkuntza Batzordean azalpenak eman ditu Jordi Roche Euneizeko presidente izango denak, eta esan du ez dutela diru publikorik jasoko eta ikasleek 8.000 euro ordainduko dituztela batez beste. 400 postu baino gehiago sortuko dituztela –kontratu zuzenak eta gehienak mugagabeak– eta ikasleek euskaraz ikasteko aukera izango dutela ere azpimarratu du, baldin eta gutxienez hamabost ikaslek egiten badute eskaria.

Hasieratik polemika piztu duen proiektuak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren balorazio negatiboa jasoa du. Ebaluatzen diren 6 dimentsioetatik 4k jaso dute balorazio negatiboa.

Agerraldian EAEko unibertsitateek hartu dute parte. EHUtik kezka adierazi dute langileak izango direnen inguruan dagoen ezezagutzagatik. Mondragon Unibertsitateak koherentzia eskatu du euskal unibertsitate sisteman eta Deustuko Unibertsitateak sistema hobetzen lagundu dezakeela uste du.

“Unibertsitate klasista eta elitista baimendu nahi da”

LAB sindikatuak ere parte hartu du Batzordean eta lege-proiektuaren bidez Jaurlaritzak irabazi-asmoa duen beste unibertsitate bat onartu nahi duela salatu du. “Unibertsitate klasista eta elitista baimendu nahi da, segregazioak areagotuko dituena”.

Euskara galtzaileetako bat izango dela eta lan baldintza eskasekin arituko den unibertsitatea izango dela uste du sindikatuak.

Lege-proiektua bertan behera uzteko eskatu du eta mobilizatzera deitu du, hori lortzeko.

Ildo berean, kritiko agertu da ELA ere. Sindikatuaren esanetan, Euneiz "irekitzeak ez die erantzuten eskaintza akademiko unibertsitarioen inolako behar sozialei, baizik eta interes ekonomiko eta merkantilista hutsei. Proiektu honek ez du izateko arrazoirik ikuspegi akademikotik".