Eusko Jaurlaritzak jardunean hasteko baimena eman dio egoitza Gasteizen duen Euneiz unibertsitate pribatuari. Espainiako Gobernuaren Unibertsitateen Ministerioaren baimena lortuz gero, 2022-2023 ikasturtetik aurrera martxan hasiko litzateke.
Euneiz European University of Gasteizek jardunari ekin diezaion, baimena eman du Eusko Jaurlaritzak. Hezkuntza Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortzea, aintzatestea eta baimentzea, eta unibertsitate-zentroen egiaztapen instituzionala arautzen duen uztailaren 27ko 640/2021 Errege Dekretuan oinarritu da erabakia hartzeko. Horrez gain, adierazi duenez kontutan hartu ditu Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren txostenak, ekimenaren sustatzaileei eskatutako informazio guztia aztertu ondoren Euneizen alde emanak, oharrean adierazten denez.
Jaurlaritzaren baimena lortuta, azken pausoa besterik ez zaio falta unibertsitate pribatuari martxan jartzeko: Espainiako Gobernuko Unibertsitateen Ministerioari atxikitako Unibertsitate Kontseiluak baimendu beharko ditu Euneizek eskaini nahi dituen lau tituluak. Baimen horren esperoan, Jaurlaritzak bide eman dio unibertsitate pribatuari 2022-2023 ikasturtean lau gradu eskaintzen hasteko: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua, Fisioterapiako Gradua, Multimediako Gradua, eta Entretenimenduaren Industriaren Musika Ekoizpen eta Soinu Gradua.
2017an aurkeztu zuten Euneiz proiektua Josean Kerejetaren Baskonia-Alaves taldeak, EUSES eta ENTI ikerketa-zentroen zuzendariek, Ramíro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Egoitza Gasteizen izango duen unibertsitatea, kirol eta osasun zientzien zein teknologia berrien esparruko bost gradu, gradu bikoitz bat eta bi master eskainiko dituena, 8.000 euro inguruko urteroko matrikularen truke. Behin proiektua ezagutzera emanda, sindikatu, ikasle eragile eta bestek hainbatetan salatu dute Euneiz irabazi asmoduna eta izaera elitistaduna dela, besteak beste.
Euneizen sorrera eztabaida arrazoi izan bada ere, iazko urrian onartu zuten unibertsitatea sortzeko Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege-proiektuaren tramitazioa, Azaroan, aldiz, unibertsitate pribatua Euskal Unibertsitate Sisteman sartzeko legea onartu zuen Legebiltzarrak. Batean zein bestean, aldeko bozka eman zuten EAJ, PSE, PP-C’s eta Vox-ek, eta kontra agertu ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU.
Hala, unibertsitate pribatuak finantzazio publikoa eskatu eta jaso ahalko du, "unibertsitate publikoak EAEko aurrekontuetatik urtero jasotzen duen finantzazioa kalitateko hezkuntza-unibertsitarioa eta langile guztien lan baldintza duinak bermatzeko nahikoa ez den bitartean", ikasle antolakunde eta sindikatuek salatu dutenez. Ildo berean mintzo zen Iñigo Goirizelaia EHUko errektore ohia ARGIAri eskainitako elkarrizketan: "Diru publikoa Euneiz finantzatzeko erabiltzea onartezina da".
Euneiz proiektuaren sorrera, asmo eta nondik norakoetan gehiago sakontzeko, irakurri Ruben Sánchezen Bakaikoaren Denona baina ez denontzat erreportajea.