argia.eus
INPRIMATU
Euneiz unibertsitate polemikoa inauguratuko dute astearte honetan
  • Ikasturtea hasi dute dagoeneko Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatuan (110 ikaslerekin), baina astearte arratsalde honetan egingo dute inaugurazio instituzionala, Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria bertan direla. Hasieratik polemika izan du bidelagun European University of Gasteiz delakoak.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 18a
Euneizen ikasturte hasierako argazkia. Irudia: Euneiz

Gorka Urtaran alkatea, Ramiro González ahaldun nagusia eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria izango dituzte ondoan Euneizeko arduradunek inaugurazioan. Orain arte ere, argi berdea izan du unibertsitate pribatuak administrazioaren aldetik. Ez alferrik, Josean Kerejetaren Baskonia-Alaves taldeak, Gasteizko Udalak, Arabako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak osatu duten aliantza indartsua dirudi Euneizek –eta hala ageri da hedabide nagusietan–, baina proiektuak baditu ahuldadeak eta itzalak, eta hala kontatu dugu Ruben Sanchezen erreportaje mamitsu honetan: Denona, baina ez denontzat.

Ekarpenik egiten al du unibertsitate berri honek? EHU unibertsitate publikoari nola eragiten dio? Zenbat laguntza eta diru publiko bideratu da Euneizera? Zein dago proiektu honen atzean?... Horiek eta galdera gehiago erantzuten saiatu gara bai aipaturiko erreportajean, bai Euneizi eskainitako gure kanalean ere.