Baskonia eta Deportivo Alavesen jabeak bultzatutako proiektua da European University Gasteiz unibertsitate pribatua. Martxoan argi berdea eman dio Eusko Jaurlaritzak eta irailean zabaldu nahi ditu ateak. Dagoeneko EHUn ematen diren gradu berdinak emango dituela eta pribatizazio eta negoziorako tresna dela salatu dute, unibertsitate publikoaren kalterako.
Euneiz (European University Gasteiz) unibertsitateari bidea irekitzen dion lege-proiektua onartu du Lakuak martxoan. Legebiltzarrak berau berrestea falta da, baina ez dirudi horretarako arazorik izango denik. Bi fakultate izango ditu unibertsitateak, Osasun Zientziak eta Teknologia Berriak, eta besteak beste fisioterapia, kirolaren zientziak eta eduki digitalak sortzeko graduak eskainiko ditu, dagoeneko unibertsitate publikoak eskaintzen dituenak. Webgunea gaztelaniaz eta ingelesez baino ez dago.
Josean Kerejetaren Baskonia-Alaves taldeak, Girona eta Tarragonako unibertsitate pribatuen laguntzaz sustaturiko proiektua da eta beraien hitzetan berrikuntza ekarriko omen du, baina Nekane Balluerka EHUko errektore zenak berak argi esan zuen iaz, ekimenaren berri eman zenean: proiektuak ez du zentzurik.
Steilas sindikatuak ere gogor kritikatu zuen egitasmoa: pandemiak zerbitzu publikoen –eta horiek zaintzearen– garrantzia erakutsi digun garaiotan, zer eta unibertsitate pribatua sustatuko dute. “Unibertsitate pribatu gehienen antzera, negozioa egitera dator, eskaintza falta dagoela aitzakia hartuta; baliabide eta fabore publikoak jasoko dituen bitartean, unibertsitate publikoari lehia egingo dio eta gero eta gehiago ahulduko du EHU, zeinak gero eta finantzazio eskasagoa duen”.
Irailetik aurrera ikusi beharko da zein bide egiten duen unibertsitate berriak, zein den egingo omen duen ekarpena, zein ikaslek ikasi ahalko duen bertan eta nola eragingo dion unibertsitate publikoko ikasketa berdin edo antzekoei, baita ikasle horiek lan mundura salto egiten dutenean ere, ea merkatuak desberdin hartuko ote dituen batean eta bestean ikasitakoak.