Baso suteen 2017ko txostenean Europar Batasunak Espainiako Estatuko baso-politika arbuiatu du eta sua erraz hartzen duten arbolen landaketek sortzen duten arriskuaz ohartarazi du; Galizian eta Portugalen izandako eukalipto basoen sute itzelak jarri ditu adibidetzat.
Naturkon Gipuzkoako erakunde naturalista eta kontserbazionisten kolektiboak azaldu duenez, irailean argitaraturiko txostenean (ingelesezko bertsioa hemen) Europar Batasunak Espainiako Estatuari eskatzen dio ez landatzeko eukaliptoa, pinua eta antzeko zuhaitz espezie “sukoiak”.
Bruselak dioenez basogintzako teknika “jasanezinek” ekarri dute ekosistema narriatu izana eta halako espezieek gainera “izugarri laguntzen dute sua pizten eta zabaltzen”.
Baso-kudeaketan gehiago inbertitzeko eskatu dio Europak Espainiako Estatuari. Naturkonen arabera, txostenak dioena bat dator Europako Ingurumen komisario Karmenu Vellak baso-suteen inguruan ateratako ondorioekin.