argia.eus
INPRIMATU
Eukaliptoa eta bioaniztasunarentzat kaltegarriak diren gainontzeko landaketak saihestearen alde egin du Antzuolako Udalak
  • Antzuolako Udalak, Eukaliptoa, eta lurrarentzat zein bioaniztasunarentzat kaltegarriak diren gainontzeko espezie guztien landaketak saihesteko, bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu zuen astearteko ohiko osoko batzarrean.

Goiena @goiena Maider Arregi 2020ko urriaren 30a

EH Bilduk Eukaliptoaren landaketaren gaineko mozioa aurkeztu zuen astearteko ohiko osoko bilkuran. Mozioak dio, egungo eta etorkizuneko gizarte eta funtzio ekologikoak kolokan ipintzen dituela Eukaliptoaren landaketak;  eta era berean, eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa eratzeko eta Eucalyptus mota desberdinak katalogo honetan jasotzeko administrazio-prozedurak berehala ireki ditzala.

"Antzuolan azken urteotan, Pinus Insignisaren gaixotasunak direla medio zuhaitz landaketa eremu zabalak mozten ari dira epe motzean, horrek ingurumenean dakarren ondorio kaltegarriekin. Izan ere, pinuak ordezkatzeko proposatzen diren espezien artean Eucaliptus Globulus eta Eucaliptus Nitens daude", azaldu zuen Ion Aranguren Lurralde zinegotziak. "Foru Aldundiari baso-politikak alda ditzala eskatzen diogu; gure lurraldeetan eukalipto gehiago landatu ez daitezen, eta gaur egun mendietan dauden eukalipto-sailen ordezkapen ordenatua planifika dezaten".

Mozioa EH Bilduren aldeko bost botorekin onartu zuten mozioa; EAJk aurkako hiru boto eman zituen eta osoko bilkurara eroandako kontra-mozioa ez zen aurrera irten.

Basogintza ardatz

EAJko Miren Elgarresta zinegotziak aurkako botoa ematea arrazoitu zuen: "Ekarri duzuen mozioak soilik espezie bat aldatzearen debekua jasotzen du. Guk basogintzaren eredu osoa aztertu behar dela uste dugu, eta ez xehetasun soil bat. Politika eraikitzaileago baten aldekoak gara eta ez debeku soil batenak. Antzuolako basogintzaren gaineko estrategia falta da mozio honetan. Espezie desberdinak lehenesteko garaian, udalak ez ditzala bide debekatzaile eta arautzaileak erabili; baizik eta Aldundiarekin adostutako bide pizgarri eta sustatzaileak baso jabe pribatuen ekimenean lagunduz".

EH Bilduko Ion Arangurenek gaineratu zuen udalak badiharduela herriko basogileekin eta lur-jabeekin lanketa bat egiten. "Baso eta lur jabe ezberdinekin lanketa egiten bagabiltza dagoeneko. Gure asmoa litzateke kooperatiba bat eratzea lur-jabe txikiekin ere bat egiteko. Are gehiago, Debagoiena 2030 ekimenaren baitan jasoa dugu lanketa hau eta jada basogintzaren estrategia aztertzen zortzi hilabete inguru daramatzagu".