argia.eus
INPRIMATU
Eufemismoak

Aritz Díez 2020ko ekainaren 22a

Krisi ekonomikoari aurre egiteko, kolaborazio “publiko-pribatua” erantzuna. Horixe da Santurtziko udalak erabaki duena bizi dugun krisia igaro ahal izateko.

Santurtzi gauza batez harrotu bada, Bizkaiko kontzerturik famatu, moderno eta populatuenetarikoak izateaz izan da. Bonita aldea urte luzez, udako jaietan erreferente bihurtu zen, eta mota guztietako jendea saiatu da ekartzen.

"Kontzertuak (eta beste hainbat ekimen kultural), Santurtziko jaietako intsignia izan direnak, kolaborazio publiko-pribatukoak izango dira. Hauxe da, ordainpekoak"

Ongi ba, aurten pandemiagatik bertan behera geldituko zirela jaiak behin esanda, iritziz aldatu dute udalean eta beste era batez ospatuko direla iragarri dute. Programazioa ez da urtero ezagutu dugun bezala garatuko eta aldaketa nabarmenik izango da, horrelako egoera batean normala denez. Kontzertuak (eta beste hainbat ekimen kultural), Santurtziko jaietako intsignia izan direnak, kolaborazio publiko-pribatukoak izango dira. Hauxe da, ordainpekoak.

Hainbat gauza izango lirateke ulergarriak, baina gertatu den guztiaren ondoren, horrelako irtenbidea ematea oso adierazgarria da. Ulertuko nuke motibo sanitarioengatik bertan behera uztea kontzertuak, edo edukiera bat ezartzea sarrerak zozkatuz, hainbeste jende bildu ez dadin. Baina kontuan izan beharko genuke igaro dugun konfinamenduak ekarriko dituen ondorioak izugarriak izango direla, eta askorentzat, jaiak eta beren kontzertuak seguru asko, urtean kulturaz gozatzeko aukera bakarra direla.

Geroz eta argiago islatzen da haien antolatzeko era zein den, eta norantz bideratzen duten ontzia: guztiontzat ez badago, sendatu dadila eta ikas edo goza dezala ordaindu ahal izango duenak soilik. Hala ez bada, azaldu diezaietela langile herri horretan aurten ABEE (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) batean sartu direnei, edo Gutxieneko Errenta eskatu beharko dutenei.

Euren kanpainarako lelo berriak dio: “Euskadi zutik! Saldremos!”