Azkue Fundazioak sustaturiko lehiaketako irabazleen berri eman eta sariak banatu dituzte ostegun arratsaldean Euskararen Etxean egindako ekitaldian. Blog berriaren saria 52 milimetro argazki blogak eraman du.
Arratsalde osoan zehar euskal blogarien 2. topaketan hainbat mahai-inguru eta hitzaldiren bidez eztabaidan eta hausnarrean aritu ostean, aurtengo Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren saridunak zein diren jakinarazi dute Bilboko Euskararen Etxean. 129 blogen artean hamabi finalista zeuden aukeratuak lau kategoriatan lehiatzeko.
Hemen irabazleak eta epaimahaiaren argudioak:
Kultura kategoria
Iparraldeko neska: Castillo Suarezen bloga Berria egunkariaren sarean. Blog honetan Castillo Suarezek hainbat idazleren (gehienak emakumeak) testu hautatuak jartzen ditu, zaharrak zein berriak, gertukoak zein urrunekoak, jatorrizkoak zein itzulpenak, baina guztiak ere bihotzeraino iristen diren horietakoak.
Gizarte eta politika kategoria
Etzi pm bloga: Talaios Kooperatibaren proiektua da eta eztabaida eta hausnarketa egiteko plataforma da.
Aisia kategoria
Game Erauntsia: Bideo jokoak gustuko duen erabiltzaile talde batetik komunitate bat sortu da. Web guneko atal bat bloga da, bideo jokoen inguruan sortzen diren albiste eta berrikuntzak zabaltzeko.
Zientzia eta teknologia kategoria
Iparra: Xabier Martinen bloga da. Euskaraz sortzen diren baliabide teknologikoen berri ematen du, baliabide teknologikoak euskaraz izateko aldarrikapen kanpainak martxan jartzen ditu.
Blogari berria saria
ARGIAk eskaintzen duen blogari berriaren sariari dagokionez, edizio honetan 52 milimetro blogaren egileei eskaintzea izan da hedabide honen erabakia. Argazki blog bat da 52 milimetro eta honen egileak Ainara Berges eta Josune Gil dira. " "Fotokazetaritza oinarri hartuta, irudi-hautaketa bikaina eskaintzen ari dira, baita irudi bakoitzari eskatzen duen testuingurua egoki plazaratzen ere", azaldu du Ixabel Bereziartua ARGIAko kideak saria ematerako unean.