argia.eus
INPRIMATU
Etxez etxeko zaintzaileen lana balioetsi dute Goizuetan, Nazioarteko Egunean
  • Larunbatean, abenduaren 22an, ospatu zuten Nazioarteko Eguna Goizuetan. Ekitaldi berezia bezain gogoangarria izan zen eta jende asko hurbildu zen Nikaragua, Honduras eta Brasil herrialdeetara gerturatzeko antolatutako ospakizunera.

Erran .eus @erran_eus 2018ko abenduaren 26a
(Argazkia: Erran.eus)

Jaialdiari hasiera emateko, Maite Perurena, Gizarte Zerbitzuetako gizarte langilea, eta integrazio sozialeko teknikariak testigantzen tartea koordinatu zuen. Gure etxeetako helduak zaintzen lan egiten duten Nikaragua eta Honduraseko emakumeen testigantzak entzuteko aukera izan zen eta hala, jaialdiko protagonista nagusiak izan ziren hamabi emakumeak gehiago ezagutu zituzten. Hitz xume eta goxoen bidez, beraien esperientziak eta sentipenak kontatu zituzten.

Hori gutxi balitz, sorpresak ere izan ziren. Hala nola, Hondurasko lau emakumek abestutako beraien herrialdeko ereserkia eta Nikaraguako beste batek dantzatutako dantza tradizionala. Maitasun eta esker oneko hitzez gain, Goizuetako Udalak nolabait beraien lana balioetsi nahi izan zuen eta bakoitzari oroigarri bana banatu zion, kanpotik etorritako emakume hauek egiten duten zaintza lana baloratuz eta herrian ematen duten zerbitzua eskertu asmoz. 

Jaialdia mahaiaren bueltan bukatu zuten, Honduras, Brasil eta Nikaraguako jaki eta edariak dastatuz, guztiak ere beraiek prestatuak ilusio handiz. Eta noski, Hego Amerika eta Ertamerikako musikaren doinurik ere ez zen falta izan.

 

Albiste hau Erran.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.