argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Etxetik kanpora, diru gose diren putreak elikatzen jarraitzeko

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko ekainaren 03a
Bilboko San Frantziskon etxegabetzeen eta funts putreen kontrako protesta (argazkia: AZET)

Espainiako Gobernuak iragarri du Ukrainako gerraren ondorioak eramangarriagoak egiteko neurriei beste hiru hilabeteko epea emango diela. Arnasa, bizirautea nekez lortzen dutenentzat. Edo diru publikoz ordaindutako denbora, inperialisten artean munduko baliabideak nork kontrolatu borrokatzen jarraitzeko. Lehen aukerari garrantzia kendu gabe, gaitza elikatzeak eta sistemari mugarik gabe birsortzeko aukera ziurtatzeak ez du ezer konponduko, kontrakoa.

Nafarroan, gobernuko kideen arteko liskarrekin bada ere, onartzear dago etxebizitza legea. Madrilen onartu zuten Espainiako Estatu mailakoa, eta urteak dira Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortu zela. Marko arautzaile ezberdin horren barruan egingo dira aste honetan iragarri diren etxegabetzeak. Legeak hor egonda garestitu dira %35 alokairuak Donostian, eta bizi osorako zorpetzea da, oraindik orain, bizitoki bat lortzeko bide nagusia.

Espekulatzaileak dira herri eta hiri gehienetan nor-non biziko den praktikan erabakitzen dutenak. Eta indartzen ari da erantzuna. Sendotzen ari da bizirautea beste aukerarik ez edukitzea atzean utziz, bizi proiektu duin baterako aukerak ekarri behar dituen borroka. Beharko ditugu etxebizitza legeak, noski, espekulazioari neurri eraginkorrekin aurre egingo dietenak. Ipar Euskal Herrian konpentsazio legearen kontra epaitegietara joko omen du Airbnb-k, hartu den neurriak etxebizitza eskubideari negozioa gailentzea oztopatzen duenaren seinale. Badago beraz gaitzari aurre egiterik, hirietan putreak elikatzeari utziz gero!