argia.eus
INPRIMATU
Etxetik kaleratua izateko arriskuan dago senar ohiaren tratu txarrak jasan dituen Gasteizko bizilagun bat
  • Etxegabetzea urtarrilaren 22rako aurreikusita dago. Emakumeak eta haren semeak tratu txarrak jasan zituztela ebatzi zuen Arabako Probintzia Auzitegiak eta emakumearen senar ohiari kartzela zigorra ezarri zion.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 16a
Arabako Kaleratzeak Stop plataformak 2018ko otsailean burutu zuen manifestazioa. Argazkia: @halabedi

Gasteizko Pintore kalean azken sei urteetan bizi den Bouchra izeneko emakumea eta bere zazpi urteko semea kaleratuak izateko arriskuan daude. Arabako Kaleratzeak Stop plataformak ohartarazi duenez, alokairuaren errenta behar den garaian ordaintzen duten arren, etxebizitzaren jabeak ez du kontratua luzatu nahi.

Emakumeari eraso egiten zion senar ohiak eman beharreko 200 euroko pentsioa inoiz ez duela jaso azpimarratu dute eta ordutik Bouchra “gaixorik eta medikaturik” dagoela salatu du plataformak.

Etxebidek eta Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuek kaltetuei eskaini dioten tratua ere gogor kritikatu dute Kaleratzeak Stop-eko kideek: “Etxetik kaleratzen bazuten, San Antonio kaleko udaletxeko larrialdietarako zerbitzura maletarekin joateko esan zioten”.

Bouchrak zehatzago azalduko du bere egoera ostegunean komunikabideen aurrean egingo duen agerraldian.