Agindu judiziala iritsi zaio familiari bigarrenez eta behin betikoa da. Etxea utzi beharko dute. Atarrabiako alkateak nabarmendu du saiatu direla laguntzen eta premia handienean zeudenean ere larrialdietarako laguntzak eman dizkietela.
Etxerik gabe geratu da familia bat Atarrabian. Hiru adin txikikok ez dute alternatibarik izanen asteartetik aurrera etxe batean bizi ahal izateko. Familia horren bizilagun batek azaldu du egoera zein den: "Duela lau urte iritsi ziren Atarrabiako eraikin honetara. Hutsik zegoen etxebizitzan sartu eta bertan izan dira bizitzen. Diru sarrerarik gabe ziren hasieran. Orain bermatutako errenta jasotzen ari dira. Diru-sarrerak dituztenetik saiatu dira alokairua ordaintzen", nabarmendu du.
Familiak salatu du Building Center Caixa Bank bankuetxearen eraikuntza enpresak, alokairurako kontratua egin ziela, baina, kontratu okerra izan zela. Bigarren aldiz jaso dute etxetik kanporatzeko agindua eta oraingoan, behin betikoa izan da. Foruzainak izan dira familia babestera hurbildu direnak ate ondotik baztertzen eta zerraila aldatzerako unean hurbildu dira polizia judizialak eta epaile judizialak.
Babesa jaso dute Udaletik
Atarrabiako Udaleko alkatearekin hitz egin du Euskalerria Irratiak. Mikel Oteizak nabarmendu du herrira iritsi zirenetik laguntza eskaini dietela. "Larrialdietarako laguntzak eskaini dizkiegu eta orain Bermatutako Errenta ere jasotzen ari dira gizarte zerbitzuetako langilearekin aritu direlako hartu emanetan", azaldu du.
Etxebizitza programaren barruan dago familia, Nasuvinsan izen emanda eta aukera guztiak aztertu dituztela ere nabarmendu du Oteizak. Gaineratu du Atarrabian ez dutela etxebizitzen inguruko eskumenik Udalean, ez dagoelako etxebizitza sailik une hauetan. Familiarekin elkartu direla esan du eta saiatu direla hilabete bateko luzamendua eskatzen, baina, agiandu judiziala iritsi da gaur. Aholkularitza zerbitzua ere badu Atarrabiako Udalak hain zuzen ere kasu hauek ekiditeko. Familiarekin aholkularitzako kideak egoteaz gain abokatua ere izan dela argitu du Oteizak.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.