Sarre estatuan etxetik irteteko debekua berehala bertan behera utzi dute, bertako Auzitegiak horrela eskatuta, eta nahiz eta Gobernuak maiatzaren 4 arte luzatzeko asmoa zeukan. Herritar baten kexa konstituzionalari erantzunez atera du epaia Auzitegiak, adieraziz "oinarrizko askatasunak urratu" dituela neurri horrek. Etxetik nahi dutenean atera eta familiarekin elkartu ahal izango dira herritarrak, beti ere segurtasun distantzia errespetatuz.
Der Spiegel hedabideak emandako informazioa da albiste honetan bildu duguna. Apirilaren 28an eman du epaia Sarreko Auzitegi Konstituzionalak. Ordu batzuk lehenago, Gobernuak iragarria zuen konfinamendua maiatzaren 4ra arte luzatuko zuela. Auzitegiaren erabakiaren ostean, gau horretan Gobernuko ordezkari batek adierazi zuen berehala beteko zuela Auzitegiaren sententzia.
Herritar batek urgentziazko kexa konstituzionala aurkeztu zuen eta debeku honen aurkako orden judiziala eskatu zuen. Auzitegiak ebatzi du "urratua izan zela askatasunerako bere oinarrizko eskubidea". Auzitegiak adierazi du Gobernuak hartutako neurriek egoerari erantzuten ziotela, Sarren zegoen kutsatu kopurua nahiko handia zelako. Baina "egun ez dagoela arrazoi fidagarririk etxetik ateratzeko debekua ezartzen duen Sarreko araudi zorrotzari eusteko".
Aurrerantzean familiarekin elkartu eta etxetik kanpo egon ahal izango dute herritarrek, beti ere segurtasun distantziak gordez. Martxoaren 21etik, Euskal Herrian ezagutzen dugunaren moduko konfinamendua zuten Sarren, etxetik ateratzeko motibo hauetakoren bat behar zuten: lanera joatea, oinarrizko erosketak egitera edo medikuarengana.