argia.eus
INPRIMATU
Etxerik gabeko lau pertsona hil dituzte Bartzelonan konfinamendua hasi zenetik
Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko apirilaren 28a
Etxerik gabeko pertsona bat Bartzelonan. COVID-19 pandemiak agerian utzi du aterperik ez duten pertsonek jasotzen duten arreta mugatua. (Arrels Fundazioa)

Azken asteetan gutxienez etxerik gabeko lau pertsona hil dituzte Bartzelonan, guztiak Eixanple inguruetan. Buruan objektu gogor batekin emandako kolpeekin gorpu aurkitu dituzte Esquadra Mossoek.

Ikertzaileak aztertzen ari dira joan den martxoaren 19an labankadaz hilda aurkitu zuten beste pertsona etxegabe bat ere lotuta dagoen hilketa hauekin.

Homizidio guztiak Espainiako gobernuak alarma egoera aldarrikatu eta herritarren konfinamendua hasi zenetik gertatu dira. La Directan irakur daitekeenez, gorroto delitu gisa identifikatu dituzte, hau da, heriotza eragin duten erasoak. Kasu hauetan gutxiengo jakin bateko kide izateak eragiten dizkion gorroto-sentimenduetan oinarrituta aukeratzen du biktima borreroak, eta bere nagusitasuna baliatzen du oinarrizko giza eskubideak zapaltzeko.

Komunikabideetan gertaerien sailetako orrialdeak betetzeaz harago, gertakari horiek fenomeno sozial zabal bati erantzuten diote, kriminologiaren inguruko irakurketa gaindituz. Aporofobia bitartekorik ez duten eta babesik ez duten pertsonen aurkako gorrotoa edo mespretxua da, bereziki eskaleak. Dozenaka heriotza eragin ditu azken hogeita hamar urteetan Herrialde Katalanetan eta Espainiako Estatuan.

Orain aste gutxi, apirilaren 11n Euskal Herrian ere, Alegian kalean lo egiten duen pertsona bati gasolina botaz eraso egin diote.