argia.eus
INPRIMATU
Etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxea itxiko dutela salatu dute Barakaldon
  • Argitan Emakumearen Aholku Etxeak salatu duenez, Barakaldoko Udalak behin betiko itxiko du etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxea. Urtarrilean sortu zuten baina pandemiaren etorrerarekin martxotik aurrera ateak itxita izan ditu. Etxerik gabeko pertsonei irtenbide "duina" emateko eskatu diote Udalari.

Axier Lopez @axierL 2020ko ekainaren 05
Argazkia: Ecuador Etxea

Agiri baten bitartez, Argitan-ek adierazi du Barakaldoko udal gobernu taldeak (EAJ eta PSE) koronabirusak baliatu dela "etxerik ez duten emakumeentzat zegoen babesleku bakarra kentzeko, eta, beraz, berriro kalean bizitzera bultzatzen ari dira".

Martxoaren amaieran Udalak Lasesarreko kiroldegian alarma egoerari aurre egiteko sortu zuen aterpetxea laster itxiko delako etorri da Argitan-en salaketa; 36 gizon eta 5 emakume daude han, gutxienez bi emakumek "indarkeria matxista jasateko beldurrez" alde egin ostean.

Ekainaren 10ean Lasesarrekoa itxi eta lehengo aterpetxea irekiko dute, "28 pertsona hartzeko ere ez da lekurik, COVID-19-aren ondorioz segurtasuna distantziak mantendu behar direlako".

Gogorarazi dutenez, "behin eta berriz" eskatu izan dute, bakarrik emakumeentzat den pisu-aterpetxea berriro irekitzeko, "martxoan itxi baitzuten, ustez aldi baterako, COVID-19ko berrogeialdia aitzakiatzat hartuta". Udalak ez duela ezer egin, gaineratu dute .

Barakaldoko Udalari eskatu dio "irtenbide duina eskain diezaiela Barakaldoko etxerik gabeko pertsona guztiei, inolako diskriminaziorik gabe eta erantzukizuna beste erakunde publiko batzuetara desbideratu gabe".

Argitan elkarteak Barakaldoko emakumeei beren eskubideei buruzko informazioa, aholkularitza juridikoa eta soziolaborala eta laguntza psikologikoa eskaintzen dizkie, doan, duela 23 urtetik. Zentroak aldez aurretik hitzordua eskatuta funtzionatzen du, 944 782 102 telefonoaren bidez.