argia.eus
INPRIMATU
Etxeratze agindua ezarri dute AEBetako 40 hiritan istiluen ondorioz
  • Aurrera darrai George Floyden hilketaren ondorioz piztutako manifestazio, istilu eta lapurreten olatuak. Hamabost estatutan Guardia Nazionala kalean da dagoeneko, eta 50 hiritan protestak mantentzea espero da.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 01a
Los Angeleseko polizia agente bat auto suntsituen artean. Argazkia: @descifraguerra

Asteburuan gordindu egin dira George Floyden heriotzaren harira sortutako liskarrak. 40 dira jada istiluen ondorioz etxeratze-agindua ezarri duten hiriak.

Oldarraldia kontrolatzeko Guardia Nazionala atera dute hamabost estatutan eta Columbiako (Washington) barrutian. Horrez gain, armada mobilizatzearen mehatxua mantentzen du Trump presidenteak.

Auzi federala

William Barr Ameriketako Estatu Batuetako fiskal nagusiak ohar bidez jakinarazi duenez, FBIko talde antiterroristak “istiluen antolatzaileak identifikatzeko" lanean dira. Antifaxistak eta beste zenbait “elementu erradikal" identifikatu dituzte erantzuletzat.

Potentzia atzerritarrei so

Robert O'Brien Donald Trumpen Segurtasun Nazionaleko aholkulariak potentzia atzerritarrak jarri ditu jo puntuan; Iran, Txina eta "atzerriko beste zenbait aurkariri” egotzi die Estatu Batuetako protestetatik “etekina ateratzen saiatzea". Mehatxu argia jaurti die O´Brienek: "Ez zaie dohainik aterako”.

Nazioarteko erantzunak

Zeelanda Berrian, Alemanian, Danimarkan eta Quebecen mobilizazio jendetsuak izan dira AEBetako poliziaren bortxa salatzeko. Quebecen, manifestarien eta polizia agenteen arteko talkak jazo dira Montrealen.