Premiazko neurriak eskatu ditu koronabirusaren arriskuen aurrean, kartzelan presoei ezinezkoa zaielako euren osasuna bermatzea. Euskal preso eta iheslari politikoak "etxean eta bizirik" nahi dituela adierazi du Etxeratek.
Etxerat elkarteak sare sozialen bitartez mezua zabaldu du goizean, osasun larrialdiak espetxeetan dakarren arrisku gehigarriez kezkatuta: “Presoek euren kabuz ezin dute haien osasuna zaindu”. Euskal preso politikoen senide eta lagunen elkarteak bat egin du Espainiako estatuko hainbat erakundek –30 baino gehiagok honezkero– gobernuari exijitu dizkioten premiazko neurriekin.
“Gure kezkarik nagusiena preso gaixo larriak eta 70 urtetik gorakoak dira”, zehaztu du elkarteak: “Arriskua eta zaurgarritasuna bikoiztu egiten dira espetxean. Haien askatasuna ezinbestekoa da eta lehenbailehen gauzatu beharrekoa”.
Frantziako Estatua
Frantziako Estatuari ere zuzendu zaio Etxerat. Gogoratu du fiskaltzak aurkako jarrera hartu ez balu egun espetxean dauden presoetako asko kalean egongo liratekeela. Bestetik, bisiten etendurak dakartzan kalteak arintzeko hartutako zenbait neurri hartu direla aitortu du, baina bideo bidezko konexio doakoak eskatu ditu “deskonexioa” ekiditeko.
“Ezin da sufrimendua areagotu. Orain inoiz baino gehiago, euskal preso eta iheslari politikoak etxean, etxean eta bizirik nahi ditugu”, itxi du mezua Etxeratek.
Gure kezkarik nagusiena, talde zaurgarriaren barruan dauden preso gaixoak eta 70 urte baino gehiago dituzten presoak dira. Haien askatasuna ezinbestekoa da #GaixoLarriakEtxera #AdinekoPresoakEtxera #dispertsioastop #kondenatuak pic.twitter.com/LK3Izo4dpL
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) March 18, 2020