Euskal preso eta iheslarien senide eta lagunak biltzen dituen elkarteak argitu du soilik 17 preso daudela egun Euskal Herriko espetxeetan. "Pixka bat jaitsi da espetxe-politikak euskal presoen eta senideen gainean egiten duen presioa, baina ez da nahikoa".
Azken asteetan Espainiako Gobernuak hainbat preso politiko hurbildu ditu Hego Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara. Baina Etxerat elkartearen esanetan aldaketa horiek ez diete erantzuten "euskal gizartearen eskariari, ez ziklo berriari, ez agertoki berri baten inguruan dituen itxaropenei".
Hernanin egindako agerraldian, Patricia Velez eta Urtzi Errazkin elkarteko bozeramaileek argi utzi nahi izan dute oraingoz "bakarrik 17" preso daudela Euskal Herriko espetxeetan –horietatik 3 etxean preso– eta beste 173 eta 31 preso dituztela Espainiako eta Frantziako estatuetan sakabanatuta, hurrenez hurren. Datu gehiago ere eman dituzte presoen urruntzea norainokoa den adierazteko: Espainiako Estatuan dauden euskal presoetatik ia erdia 600 eta 1.000 kilometro tartean dituzte eta Frantzian bost presotik bat dago etxetik distantzia horien artean giltzapetuta.
Hala, azaldu dutenez preso eta senideek jasaten duten presioa "pixka bat" jaitsi bada ere –2018ko irailetik 74 preso hurbildu ditu Espainiako Gobernuak gertuago dauden espetxeetara–, oraindik "ez da nahikoa". Hainbat galdera luzatu dituzte: "Zergatik ez denak Zaballara? Zergatik Estremerara? Zergatik daude oraindik 127 preso lehenengo graduan, murriztaileena dena eta espetxetik ateratzearen ikuspegitik aurrera egiterik ez duena? Zergatik ez dituzte aske uzten, are gehiago pandemia garaian, 65 urtetik gorakoak, 18 gaixo larriak, haurdun daudenak eta haien seme-alabak?".
Euren ustez, galdera horien erantzuna Espainiako Estatuan dauden sektore "immobilistetan" bilatu behar da, espetxe-politikan pixkanaka egiten ari diren urratsak baldintzatu nahian dabilen "lobby" bat baitago euren esanetan: "Denok dakigu nori buruz ari garen hizketan", iradoki dute Errazkin eta Velezek.
Etxeratek dei egin die bai herritarrei bai EAEko zein Nafarroako gobernu autonomikoei eta Espainiako Gobernuari ere, esku hartu dezaten lobby horrek ez dezan presoen "bide juridikoa blokeatu". Gogorarazi dute euren senideak Euskal Herriko espetxeetan egon ahal izatea ez dela "opari" bat, "ibilbide juridiko arrunta egin ahal izateko eskubidea" baitute.