argia.eus
INPRIMATU
Etxeratek dio “premiazkoa” dela preso guztiak hurbiltzea eta eskubidea errespetatzea
  • Elkarteak gogorarazi du 183 euskal presoetatik 82 Euskal Herritik kanpoko kartzelatan daudela, eta eskatu dute salbuespenezko urruntze politika behin betiko baztertzeko.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 20a
Argazkia: Etxerat elkartea.

Etxerat elkarteak azken bi urteetan euskal presoekin emandako aurrerapausoak azpimarratu ditu, baina, era berean, salatu du oraindik etxetik urrun eta Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudela Euskal Preso Politikoen Kolektiboko preso asko: preso dauden 183 pertsonetatik 65 Espainiako kartzelatan daude eta 17 Frantziakoetan. “Egiaztatu behar dugu ez dela dispertsioaren eta urruntzearen zikloa behin betiko itxi”, ohartarazi dute.

Gaineratu dute presoen “eskubideez” ari direla, eta ez “onurez”. Premiazkotzat jo dute preso guztiak hurbiltzea: “35 urte baino gehiago dira senide eta lagunok egoera bidegabe eta ezohiko hori pairatzen ari garela. Salbuespen-politika desagerrarazteaz eta lege arrunta aplikatzeaz ari gara. Eskubideez ari gara, legean jasota dauden eskubideez”.