argia.eus
INPRIMATU
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an
  • Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 28a
Artxiboko irudia.

Euskal presoen eskubideen urraketak bukatzeko eskatuko du Etxerat euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak. “Presoen sakabanaketa amaitu egin da, eta egoera zalantzarik gabe hobetu da, baina gradu erregresioak itzultzen ari dira, eta Auzitegi Nazionaleko sektoreek oztopo gehiago jartzen dituzte, gaur egungo testuingurutik kanpo dagoen mendeku gisa”, adierazi du elkarteak.

Legedi arrunta aplikatzeko eskatu du Etxerat-ek, oraindik "euskal presoei aplikatzen zaien eskubideen urraketak" amaitzeko. Sebas Etxaniz euskal preso ohiaren kasua oroitu dute, 80 urterekin hil zela uztailaren 22an, espetxetik atera eta hiru hilabetera. "Erbestean eta espetxean pasa duen denbora luzeak bere heriotza baldintzatu du", adierazi dute elkartetik.

Bat egin du Etxerat-ek Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna dela-eta EAEko Arartekoak egindako adierazpenarekin: "Euskal espetxeko administrazioak finkatu behar ditu presoaren duintasuna, espetxeratze denbora murriztea, eta komunitatean birsozializazioa", presoen eta beraien senideen eskubideak babesteko.