argia.eus
INPRIMATU
Etxerat-ek salbuespen egoera eteteko eskatu du: “ezin dugu jarraitu sufrikarioaren luzapenaren biktima izaten”
  • Baldintzak bete arren, 32 euskal presori oztopoak jarri dizkie espainiar justiziak erredentzioak, baimenak eta hirugarren graduak lortzeko.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 16a
Etxeratek uztailaren 15ean Bilboko Areatzan egindako agerraldia. Argazkia: Etxerat

Etxeratek salatu du 32 euskal presori oztopoak jarri dizkiela espainiar justiziak dagozkien espetxe-neurriak aplikatzeko. Elkarteak uztailaren 15ean Bilboko Areatzan egindako agerraldian salatu du egoera. Azken urtean, fiskaltzak helegitea jarri die 21 presok egindako hirugarren gradurako edo irteera baimenetarako proposamenei; bederatzi presori erredentzioak eta baimenak ukatu dizkie Tratamendu Batzordeak; eta bi presoren espedienteak abian dauden arren, auzitegiek ez diete erantzunik eman.

“Hiru hamarkada baino gehiago behar izan dira presoen urruntze sistematiko eta orokortuari amaiera emateko”, eta senideak ez daude prest beste 30 urte itxaroteko: “Ezin dugu jarraitu sufrikarioaren luzapenaren biktima izaten”. Preso asko Euskal Herrira hurbildu badituzte ere (Andaluziako kartzeletan ez da euskal presorik gelditzen), oraindik zigorra betetzen ari direnek “salbuespeneko” tratua jasotzen dutela salatu du elkarteak. Presoen berrintegrazioa ahalbidetzeko eta senideen eskubideen urraketak eteteko, Espainiako Estatuari “borondate politikoa” erakusteko eskatu diote. 

Ostegunean egindako agerraldian, euskal presoen 32 senidek hartu dute parte. Horien izenean komunikatu bat irakurri dute Nekane Basaurik eta Txusa Etxeandiak. Basauri Joseba Arregi Erostarbe presoaren bikotekidea da, eta azaldu du Arregik 75 urte izan arren, 30 daramatzala kartzelan, “segundo bakar batean ere” kalean egon gabe. Horregatik, “lege arrunta aplikatu” eta euskal presoek “justiziaren aldetik tratu humanitarioa” jasotzeko ordua dela esan du Basaurik. 

Etxeandia, berriz, Egoitz Coto presoaren ama da. Bere ustez, “tokiz kanpo” daude espetxeetako salbuespen egoerari amaiera emateko jartzen diren “oztopo eta atzerapenak”, eta semeak kartzelan igarotako ia 20 urteen ondoren, Etxeandiaren esanetan, bada garaia baimenak jaso eta etxera bueltatzeko.

Salbuespeneko kasuak

Arregik Madril eta Parisko kartzeletan bete du zigorra, azken urtea Asturiasen eta Martutenen igaro badu ere. Coto Madrilgo, Zaragozako, Balentziako eta Granadako presondegietan egon izan da, eta orain Kantabriako El Dueso-n dago. Etxeratek gogorarazi du 126 preso daudela oraindik Euskal Herritik kanpoko espetxeetan.

Gainera, Naiz hedabideak emandako informazioaren arabera, 19 euskal preso daude larriki gaixo, eta Arregiren antzera, bederatzik dituzte 70 urte baino gehiago. Horietako hiruk 30 urte baino gehiago daramatzate kartzelan, eta guztira 60k bete dituzte zigorraren hiru laurden. 50 baino gehiagok Frantzian bete dute kartzelaldiaren zati bat, baina urte horiek ez zaizkie kondenatik kendu.