argia.eus
INPRIMATU
Etxeleku, Xamar, Intxaurrandieta eta Moreno mintzatuko dira Donapaleuko Otsail Ostegunetan
  • 1997an abiatuz geroztik, urtero Otsail Ostegunak antolatzen ditu Amikuzeko Zabalik elkarteak Donapaleun. Aurtengo edizioan Maialen Moreno Zubeldia, Juan Karlos Etxegoiean "Xamar", Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Etxeleku mintzatuko dira, lehen ostegunetik azkenera. Eta otsaila burutzeko, 24an Libertimendua egingo dute Donapaleuko plazan.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 18a
Ainhoa Intxaurrandietak "Angula Ustelak" aurkeztuko du Donapaleun otsailaren 21ean. (Argazkia: Info7)

Hitzaldi guztiak Donapaleuko Auzitegi karrikan den herri elkargoko gelan izango dira. Zabalik elkarteko antolatzaileek diotenez, "lau ostegun, lau hitzaldi, arratseko 8ak30etarik 11ak arte, tragoa eta bere bixkotxa barne. Formula ezagutzen duzue engoitik, euskaratik eta euskaraz bizitzeko nahikariak bultzaturik antolatzen dugun hitzordua…".

Maialen Moreno Zubeldia (Argazkia: Kulturklik)

Otsailaren 7an Maialen Moreno Zubeldia filologo eta itzultzaileak "Irri ixtorioak: gure ahozko literaturatik" izango du mintzagai. Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan 2009-2010 urte bitartean herri kontakizunen bilketa metodiko bat egin zuen Maialen Moreno Zubeldiak. Herriz herri jendearen ahotik atera kontakizunak bildu eta gero horiek transkribatu, sailkatu, eta aztertu zituen. Kontakizunen gauko eguneko corpusa osatu nahi izan du. Bilketa hori egiteko zein metodologia erabili duen eta kontakizunak aztertzeko jarraiki oinarriak azalduko ditu hitzaldian, nola heldu zen jendearengana eta nola atera zuen informazioa, zeregin horretan aurkitu mugak…

Juan Karlos Etxegoien 'Xamar'. (Argazkia: ARGIA)

14an Xamar ariko da; "Etxera bidean" hitzaldian. "Xamar (alias Juan Karlos Etxegoien) –aurkezten dute Zabalik elkartekoek– ezagutzen dugu euskarazko dibulgazio liburuen bidez : 'Orhipean' eder hura, 'Orekan' hizkuntzen ekologiaz ari zena, 'Euskara jendea' liburu eta dokumentaletan dena, eta 'Etxea' argazki ederrez hornitua. Baina ezagutzen dugun Xamar euskaldun honek, beste bizi bat izana du lehenago. Frankismo beltzean sortua, Aezkoa hotzeko Garralda herrian, gaztean ez zekien euskara bazenik ere. Guk ere  badakigu hortaz zerbait: ia bi belaunalditan hizkuntza desagertu da bizitza sozialetik. Jakobinoen pean, maltzurkiago agian, baina frankismo pean egunetik gauera, debeku latzaren pean".

Otsailaren 21an Ainhoa Intxaurrandieta konbidatu dute Hegoaldean eta batik bat Gipuzkoan hainbat herritan aurkeztu duen "Angula ustelak" Amikuzen aurkeztera, alegia, Gipuzkoan EAJk eta PSEk abiatua zuten Zubietako lehenbiziko erraustegiaren inguruan Bilduko agintariek aurkitu zutena... eta hura gelditu izanagatik sufriarazten ari zaizkiena: "Zineman dira ikusten –diote Zabaliketik– gisa hortako ixtorioa : intriga eta azpijokoak, jukutria ilunenen gordetzeko ordinagailuak ixilka hustea, gaiak epaitegira desbideratzea politiko debate sanoaren itxurak eginez… Ainhoa Intxaurrandietak eta Iñaki Errazkinek beren larruan bizi dute gisa hortako serie txarreko gertakarien arrosarioa".

Iñaki Etxeleku Thikoipe eta bere liburua. (Argazkia: Ttipi Ttapa)

Azken ostegunean, otsailak 28, Iñaki Etxelekuk aurkeztuko du "ZAD-a bizi dutenen ahotik" bere liburua. "Nola bizi, ekoiztu eta trukatu kapitalismoaren kontsumo eta alienazio legeetarik bereiz? Nola kudeatu egunerokotasuna eta gatazkak, larderiarik gabe, delegazio alderdikoietarik aparte, demokrazia zuzenean eta berdintasunean? Eta, beste mundu posible baten promesa dakarren esperientzia hori haustera etorriko den estatuaren indarrari aurre egiteko, nola antolatu erantzun azkar eta eginkorrak? Iñaki Etxeleku ZADen egon da, eta han direnei galdetu die. Jendeak lañoki erantzuten du, argitasun harrigarriaz. Sentitzen dutenaren gibelean sumatzen dira hausnarketa asko eta sakonak, eta laguntza handikoak dirateke ezker iraultzailearen etorkizunaz grinatzen direnentzat. Bai eta ZADeko bizipen kolektibo eta militante horiek hurbilagotik ezagutuz, autonomiaren eta autogestioaren nondik norakoak hobeki ulertu nahi dituenarentzat ere".