argia.eus
INPRIMATU
Etxekoandreak atzo eta gaur

Imanol Satrustegi Andrés 2023ko azaroaren 29a

Ez dakit ohartuko zineten, baina azkenaldian mezu erreakzionario eta kontserbadoreak sare sozialetan zabaltzen ari dira. Horietako bat da tradwife delako joera. Hitz hori tradicional wife, hau da emazte tradizionala, kontzeptuaren laburdura da. Mugimendu honek proposatzen du 1950eko hamarkadako emakumeen roll tradizionala bizi-estilo gisa berreskuratzea: etxetik kanpo lanik egiten ez duen emakume heterosexual ezkondua, senarraren mendekoa eta etxea mantentzeaz eta etxekoak zaintzeaz arduratzen dena. Gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da emakume gazteek bizi-estilo horren abantailak azaltzea Tik Tok, Instagram eta Twitterren.

Genero-roll horiek, alabaina, ez dira betierekoak izan; emakumeak ez dira beti senarraren mendeko izan. Domestizitatearen ideia, XIX. mendean sortu zen. Ordura arte, betidanik, emakumeek etxetik kanpo egiten zuten lan, gizonenaren pareko ez izan arren. Baina domestizitatearen ideologia Europan eta herrialde anglosaxoietan zabaltzen hasi zenetik, orokortzen joan zen emakumeek etxean geratu behar zutelako ideia. Korronte ideologiko horren arabera genero bakoitzari paper bat zegokion: emakumeari etxeko aingeruarena, ama zintzo eta emazte fidelarena; gizonari, aldiz, male bread winner delakoa, eguneroko ogia irabazten eta etxetik kanpo lan egiten duen senarrarena. Hartara bi esfera ezberdin eratu ziren: emakumeen etxeko esparru pribatua eta gizonezkoen esparru publikoa.

Eredu ideal hori, haatik, ez zen beti betetzen. Emakumeak etxeko esparru domestikora zokoratzeko nahi argi bat izan zen arren, langile klaseko familietan senarraren soldata ez zen aski etxeko guziak elikatzeko. Horregatik, emakumeek diru-sarrera osagarriak bilatu behar izan zituzten, estatistika ofizialetan agertzen ez ziren ezkutuko lanen bidez. Batzuetan etxetik kanpo aritzen ziren, eta bestetan sosen bat irabazten zuten etxetik bertatik egin zitezkeen lantxoen truk, jostun edo garbitzaile esaterako.

Domestizitatearen ideia hori 1960 eta 1970eko hamarkadetatik aurrera hasi zen aldatzen. Garai hartako kapitalismoaren behar ekonomikoek eta bigarren olatuko feminismoak emakumeak lan merkatu arautura itzul zitezen eragin zuten eta. Emakume askok prozesu hori askatzailetzat bizi izan zuten. Idatzirik zeukaten patua hautsi zuten, domestizitatearen kateak apurtu zituztelako eta independentzia ekonomikoa irabazi zutelako. Alabaina, senarraren mendeko izatea saihestu bazuten ere, soldatapeko lanaren uztarpeko izaten jarraitu dute, eta gainera, sarri emakumeen lan baldintzak eta soldatak okerragoak dira. Halaber, etxekoen zaintza lanen ardura nagusiena haien gain erortzen da oraindik; izan ere, soldatapeko lanaldia gutxi balitz, gero etxean bigarren lanaldi bati aurre egin behar diote sarri. XIX. mendeko domestizitatea ez da erabat desagertu, baina soldatapeko lanaren zama gehitu zaio. Ostegun honetan, hori guzti hori salatzeko greba orokorra dago. Ez gaitezen etxean geratu, denak kalera!