OarsoIrria aisialdi proiektuak haurren adierazpen espazio bat zabaldu du beraien sormen lanak eta mezuak publikatzeko. "Zer esan nahi diozu munduari? Bidali zure ekarpena".
Herritik sortu eta bizitzen den aisialdiaren aldeko apustua egiten du OarsoIrria proiektuak, parte-hartzea eta auzolana uztartuz. Alarma eta konfinamendu egoerak haurren eta beraien zaintzaileen beharrak zapaltzen dituela iritzita, Leihoa zabalik ekimena jarri du abian.
Euskal Herri osoko haur eta nerabeen ekarpenak jasoko dituzte: marrazki, ipuin, bertso, poesia, eskulan, argazki, abesti, audio, iritzi... Eta ondoren beraien webgunean argitaratzen saiatuko dira, beste herritarrekin partekatzeko. "Etxeko txikien ahotsa plazaratzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Hauxe da egoera honetan gure komunitateak egiten duen ekarpen xumea", adierazi dute.
OarsoIrrien esanetan, denok gaude momentu honetan harrapatuta, "heldu batzuk etxetik telelana egiten, beste batzuk lana galduta, soldatapekoak eta autonomoak... haurren ikastetxeko lanak kudeatzen, mimitoak ematen, gure buruak zaintzen...", eta denon beharrak eta erritmoak ez dira berdinak. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaie horiek errespetatzea eta haurren "hitza eta egiteko moduak kontuan hartzea".
Euren ekarpenak oarsoirriak@gmail.com helbidera bidal ditzakete haurrek. OarsoIrriatik gomendatu dute haurra bera izan dadila sormen lan horren "gidari", nahi duena askatasunez sortu dezan. Webgunera igoko dituzte lan eta mezu horiek guztiak "poliki-poliki" eta haur sortzailearen argazkia eransteko aukera ere badago, horretarako irudi hori publikoki erabiltzeko baimena sinatu beharko du helduak.
Informazio gehiago hemen aurkituko duzu.