argia.eus
INPRIMATU
Etxeko langileen lan segurtasunerako dekretua: eskubideak bai, baina hutsune handiak ere bai
  • Espainiako Ministro Kontseiluak etxeko langileentzako osasun-azterketak, formazioa eta lan-arriskuak ebaluatzea ezartzen duen dekretua onartu berri du. Baina dekretu horrek arrakala garrantzitsuak ere baditu: langileari “sekretu profesionala” mantentzea eskatzen dio, eta autoebaluazioa egitea enplegatzailearen esku geratuko da kasu askotan. “Horrela nola aterako ditugu argitara etxeen intimitatean gertatzen diren egoerak?”, dio LABeko Mariana Urcuyok.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko irailaren 11
Yolanda Díaz espainiar Lan ministroa, errege-deekretuaren berri emateko unean. Argazkia: Espainiako Lan Ministerioa

Garaipentzat hartu dute Espainiako Ministro Kontseiluak astearte honetan onarturiko errege-dekretua: etxeko langileen lan segurtasuna zabaltzen duen araudia da, erabat feminizaturik eta arrazializaturik dagoen sektore prekarioenetako batena. “Etxeko langileei esker izan da, beraiek dira arau hau lortu dutenak”, esan du Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko Lan ministroak.

Díazen esanetan, duela 45 urte emakume horiek “eskubiderik ez izateaz gain, espainiar araudiak debekatu egiten zien eskubideak izatea ere”. Era berean, politikariak nabarmendu du Espainiako Estatua “Europako lehen herrialdea” dela halako araudi bat onartzen.

Dekretuak ezartzen du etxeko langileek eskubidea izango dutela euren lan-arriskuak ebaluatzeko, azterketa medikuak egingo zaizkiela aldian-aldian, bermatuko zaiela lanerako baliabide eta ekipamendu egokiak izatea, eta prebentziorako formazioa jasoko dutela, besteak beste.

Bestalde, indarkeria eta jazarpen egoerak atzemateko protokolo bat ere aurreikusten du testuak. Espainiako Estatuan 368.000 pertsona daude Gizarte Segurantzan alta emanda sektore horretan –Hego Euskal Herrikoak barne–. Lan Ministerioak zabaldu dituen datuen arabera, horietatik %95 emakumeak dira, gehienak 40 eta 50 urte artekoak, eta ia erdiak migratzaileak.

Enplegatzailea izango da online esango duena ea “etxe barruko langileak bere logela duen edo zaintzen duen pertsonarekin lo egiten duen, eta bi orduz behin esnatzen ote den”

Enplegatzailea ebaluatzaile?

Baina batzuentzat garaipena eta aurrerapausoa bada ere, sektorean lan egiten duten askorentzat hutsune garrantzitsuak ditu oraindik.

Izan ere, enplegatzaileak berak izango du lanpostuaren lan segurtasuna ebaluatzeko ardura, eta horretarako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak doako tresna bat jarriko dio eskura, Internetez.

LAB sindikatuko Mariana Urcuyoren esanetan “arrakala handi bat” da hori. El Salto hedabideari azaldu dionez, enplegatzailea izango da online esango duena ea “langileak lan ekipamendu egokia jasotzen duen, etxe barruko langileak bere logela duen edo zaintzen duen pertsonarekin lo egiten duen, eta bi orduz behin esnatzen ote den”.

Sindikalistaren esanetan, sarrera-irteeren online erregistro bat ez izateak ere zaildu egiten ditu gauzak, batez ere kontuan hartuta lanegun luzeenak dituen sektorea dela.

Mariana Urcuyo (eskuinean) LABeko etxeko langileen eta zaintza langileen sekzio sindikaleko kidea. Argazkia: Ekuador Etxea

Gainera, Urcuyok dekretuaren 7.3 artikuluak dakarrena gaitzetsi du: lan egiten duten etxeari buruz informazioa emateko garaian “sekretu profesionala” eskatzen die langileei. “Emakumeen askatasuna mugatzen ari dira, ez bakarrik sexu-jazarpen posibleen aurrean, baita beste edozein lan gatazkari aurre egiteko ere”, dio LABeko kideak.

Sindikatuak 2022an zabaldu zuen etxeko langileen eta zaintza arloko langileen sekzio sindikala, eta geroztik hitzarmen kolektibo bat lortzeko borrokan dihardu. Horretarako mobilizazioak ere egin izan dituzte; pasa den martxoan, esaterako, Bilbon eta Iruñean manifestazio bana egin zituzten baldintza hobeagoak aldarrikatzeko.