argia.eus
INPRIMATU
Etxeko langileek protesta egin dute Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Donostiako bulegoen aurrean
  • Etxeko Langileen Ekintza Politikoko Taldeak deituta, protesta egin dute ostegun goizean hainbat pertsonak, Groseko Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoen aurrean. Espainiako Gobernuak alarma egoera dela eta onartutako subsidioaren ordainketa uztailean bertan egin dezala exijitzeko mobilizatu dira.

Irati Salsamendi Lozano Irutxuloko Hitza @irutxulo 2020ko uztailaren 03a
SOS Arrazakeriako Etxeko Langileen Taldeko kideak, Malen Etxeko kideak, eta Bidez Bide elkarteko kideak batu dira Grosen, hainbat sindikatutako kideekin batera. (Argazkia: SOS Arrazakeria)

Ekintza Politikoko Taldea osatzen dute Espainiako Estatuko etxeko langileen hainbat elkarte eta eragilek, eta estatuko beste hiri batzuetan ere egin dituzte protestak, esaterako, Bilbon eta Sevillan. Grosen SOS Arrazakeriako Etxeko Langileen Taldeko kideak, Malen Etxeko kideak, eta Bidez Bide elkarteko kideak batu dira, hainbat sindikatutako kideekin batera.

Etxeko langileek salatu dutenez, Espainiako Gobernuari “hilabete eta erdi kostatu zitzaion” Gizarte Segurantzan izena emandako etxeko langileentzat subsidioa martxan jartzea; azaldu dutenez, hiru hilabeteko marjina ezarri zuten, subsidioaren ordainketa betetzeko. Halaber, salatu dute etxeko langileen egoera txarrera joan dela pandemiaren ondorioz, izan ere, haietako asko lanik gabe gelditu dira, eta hori dela eta, irauteko baliabide ekonomikorik gabe.

“Tramitea zeharo neketsua da, eta ez da batere praktikoa. Etxeko langile askok laguntza eskatu behar izan dute eskaera egiteko, eta gaur egun, askok ezin izan dituzte beharrezko dokumentuak aurkeztu, subsidioa eskatzeko duten eskubidea justifikatzeko. Gainera, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa ez zaie erantzunik ematen ari euren prozesuaren berri galdetzen duten langileei”, kritikatu dute.

Era berean, nabarmendu dute etxeko langileen kolektiboaren zati handi baten lana ez dagoela aitortuta, egoera irregularrean dauden emakume migratzaileek eta Gizarte Segurantzan izena emanda ez dauden langileek egiten dutelako. “Gobernuak, gobernu autonomikoen konplizitatearekin, beste alde batetara begiratzen dute, lan honek gastu soziala egitea saihesten duelako; gainera, subsidioa jaso dezaketenak ez dira lehentasuna, emakumeak direlako, emakumeen lana egiten”, adierazi dute komunikatu batean.

Etxeko langileek jakinarazi dute ez dutela egoera hau normalizatuko, eta ez dutela isilik itxarongo. Hiru eskaera zehatz egin dituzte:

  • Uztailean egin ditzatela ordaindu gabe dauden eskaera guztien ordainketak.
  • Erregularizazioa orain, eta Gizarte Segurantzan izena emanda ez zeudenentzat prestazioak.
  • Eskubide guztiak etxeko eta zaintza lanetako langileentzat.