argia.eus
INPRIMATU
Etxeko langileek salatu dute ezkutuko ekonomia bultzatzen duela lege erreformak
  • Etxeko langileei eragiten dien dekretua ezarri du Espainiako Gobernuak eta lege berria gaurtik aurrera izango da indarrean. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak salatu duenez, lege horrek ezkutuko ekonomia areagotuko du sektorean eta kontraturik gabe utziko ditu etxeko langileak.

ARGIA @argia 2013ko apirilaren 02a
Etxeko langileek diote euren eskubideen aurka doala dekretua.

Langileari Gizarte Segurantzan alta emateko eta beste hainbat izapidetarako erantzukizuna enplegatzaileak izan beharrean, langileak berak izatea ahalbidetzen du dekretuak, bien artean adostasuna baldin badago eta langileak hilean 60 ordu baino gutxiagoko zerbitzua eskaintzen badu. Bizkaiko elkarteko ordezkari Lorea Uretaren hitzetan, neurri horrek duen asmo garbia da lanordu gutxiago sartzen dituzten sektoreko langileak ezkutuko ekonomiapean uztea.

Ordu gutxi egiten dituztenez, "oso gutxi kotizatzen duten langileak dira –adierazi du Uretak–, baina eskubideak sortzen dituzte, adibidez gaixo egonez gero edo lan-istripua izanez gero prestazioa jasotzea, edo erretiroa kobratzea". Aldiz, "erreforma aurrera atera dutenen ideologiaren arabera, langile hauek oso garestiak dira sistemarentzat eta askoz errazagoa da sistematik at uztea, eskubiderik gabe".