argia.eus
INPRIMATU
Etxeko langileak greba feminista orokorrera batu dira, zaintza lanak “duintze eta profesionalizatze” aldera
  • Azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin bat egingo dute zaintza eskubide kolektiboaren alde. Besteak beste, pairatzen duten “etengabeko gehiegikeria” salatu dute langileek.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 08a
Azaroak 30eko greba feminista orokorrera deialdia. // Argazkia: Denon Bizitzak Erdigunean

Denon Bizitzak Erdigunean mugimenduak azaroaren 30eko greba feminista orokorraren beharra aldarrikatu du. Elkarretaratzea zaintza sistema aldatzearen alde egingo dute, etxeko langileek salatu duten “etengabeko gehiegikeriari” aurre egiteko. Mugimenduak ekainean adierazi zuen “inflexio-puntu” bat izan zela greba deitzeko erabakia: “Zaintza sistema aldatzea dena aldatzea delako”.

Prozesuak “beste zaintza-kultura baterantz” abiatu nahi du: “Zaintza kolektiboago baten alde egin behar da. Erantzukizuna guztiona dela uste dugu, eta hori zaintza-kultura bat eraikitzearekin lotuta dago”.

AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkarteak, Bidez Bide, Munduko Emakumeak, Thycna Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileak eta Trabajadoras No Domesticadas elkarteek babestu dute auzia.

Gaur egungo gizartean zaintzan jarduten dutenen ahaleginak “gutxietsi” eta “ikusezin” direla salatu dute. Halaber, adierazi dute horrek lotura zuzena duela lan horiek emakume arrazializatu eta prekarizatuek egitearekin. Greba orokorra “berrindartzeko aukera” gisa ikusten dute langileek. Halaber, “rolekin eta aurreiritziekin” hausteko aukera emango diela uste dute.

Aldarrikapen zehatzak

Adostutako aldarrikapenen artean, besteak beste, etxeko enplegua eta zaintzak gizarte-segurantzako erregimen orokorrean kokatzea; lan-ikuskapenaren bermea —aitortuta dauden eskubideak betetzen direla ziurtatzeko — eta langile migratzaileek egiten duten zaintza-lanen eta ekonomiari egiten dioten ekarpenaren errolda egitea daude.

Mugimenduak aldarrikatu du mugak jartzea “ezinbestekoa” dela: “Zaindua izatea eskubidea da eta zaintzea betebeharra. Genero-aginduek gure bizitzako une desberdinetan zaintzera behartzen gaituzte, eta zaintzak emakumeen eta feminismoaren kezka izaten jarraitzen du”.