argia.eus
INPRIMATU
Etxeko langileak Donostiako manifestazioaren buruan izan gara
  • 2019ko M8 hasiera bikaina izan da Gipuzkoako etxeko langileen eskubideen borrokan. Zalantzarik gabe, aurreikusitakoa gainditu dugu, kontuan izanda zein etxeko langile gutxik parte har zezakeen greban, lanak ezartzen dizkien mugengatik.

Oneyda Saenz 2019ko martxoaren 11
Greba egiteko aukerarik ez duten etxeko langileen siluetak eraman zituzten Donostiako manifestazioan. Argazkia: ESK.

Aurten, iaz ez bezala, antolaketa taldetik bertatik izan dugu parte-hartzea. Donostiako manifestazioaren buruan izan gara eta agerikoak diren arrazoiengatik mobilizazioan parte hartu ezin izan duten emakumeen siluetak eraman ditugu. Gure gaiaz hedabideek interesa agertu izana estimatzen dugu, eta horrela agerian geratu dira gure aldarrikapenak. Eztabaida guneetara eraman da gure gaia, hau da, sektorearen prekarietatea, eta zapaldutako eta ahaztutako sektore honen bazterketa.

Isiltasunak apurtu ditugu eta borroka zail bat hasi izanaren ondorioez jabetu gara. Genero eta eskubide berdintasunaren alde urte luzez tinko ari diren emakumeen babesa bilatu dugu.