argia.eus
INPRIMATU
Etxeko langile bati langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu diote epaitegietan
  • SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoko zerbitzuak ukatu bazion ere, Bilboko Lan Arloko 7. Auzitegiak onartu dio langileari eskubidea, ELAk jakinarazi duenez. SEPEk helegitea aurkeztu du.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 26a
Etxeko langile egoiliarren eskubideen aldeko mobilizazio bat. Argazkia: Ecuador etxea

Etxeko langileen kolektiboarentzat oso garrantzitsua den ebazpen gisa definitu du lorpena ELAk, “pairatzen ari diren diskriminazioa agerian uzten baitu”. SEPk ukatu egin zion langabezia saria langileari, etxeko langile gisa lan egindako tartean “ez baitzuen langabezia kotizaziorik egin”. Urrian indarrean sartutako Espainiako Gobernuaren 16/2022 lege-dekretuak aplikatzea lortu du sindikatuak, ordea, eta horri esker irabazi du epaia.

Sindikatuak azpimarratu duenez, lege-dekretu berriak “hobeto arautzen ditu” etxeko langileen eskubideak: langabezia-prestazioa kotizatu beharra eta laguntza hori jasotzeko eskubidea, hain zuzen. Aurreko araubidea “diskriminatzailetzat” jo du sindikatuak.

SEPEk, bere aldetik, epaiaren aurka helegitea jarri du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko Aretoan.