argia.eus
INPRIMATU
Etxeko lanak ordainduko balira Barne Produktu Gordinak %23,4 egingo luke gora Katalunian
  • BPG horren bi heren lortuko litzateke emakumeen eskutik, gizonen lan bikoitza egiten baitute etxean.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2017ko otsailaren 17a
Emakumeek etxeko lan orduak gizonekin berdinduko balituzkete, lan merkatuan %25 gehiago irabaziko lukete. Argazkia: Dani Blanco.

Ikerketa egin dute Emakumearen Behatokiak, Bartzelonako Merkataritza Ganberako Enpresa eta Ekonomiak (ODEE) eta Emakumeen Institutuak, jakiteko zein den etxeko lanek eta zaintzak duten balio ekonomikoa, baita erakusteko ere gizon eta emakumeen artean lanak banatzerakoan dagoen desoreka.

2015eko soldaten kopuruak hartu dituzte kontuan kalkuluak egiteko eta ordua zazpi euro gordin kontatu dute. Hala, etxeko lanak eta zaintza ordainduko balira, Barne Produktu Gordinak gutxienez %23,4 egingo luke gora, hau da, urtean 50.321 milioi euro.

Barne Produktu Gordinaren bi heren emakumeek osatuko lukete. Kataluniako ikerketaren arabera, emakumeak egunean hiru ordu eta 54 minutuz aritzen dira etxeko lanetan eta zaintzan, eta gizonak bi ordu eta bi minutuz.

Etxean berdin arituko bagina, emakumeek eurotan %25 gehiago irabaziko lukete

Alegia, gizon eta emakumeek egunero etxeko lanetan ordu kopuru bera egiteak, esan nahiko luke emakumeak lan munduan aritzeko denbora eta aukera gehiago izango lituzkeela eta denbora horretan ordainduzko lanean arituko balitz, urtean 2.759 euro gehiago irabaziko lituzkeela.