argia.eus
INPRIMATU
Etxeko errefortzua kontuan hartu gabe emango bagenu klasea?
  • "Eskolan ikasgaia azaldu, etxean eskolako lanak egin eta azterketa jarri" formula aldatzea erabaki du José Antonio Herranz irakasleak: irakaskuntza-ikaskuntza osoa eskola-orduetara mugatu du, etxeko errealitatearen erruz ez daitezen ikasle batzuk atzean geratu. Bere esperientziaren argi-ilunak kontatu ditu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urtarrilaren 10
Esperientziak ekarri du txikitzea paso egiten duten ikasleen kopurua. Argazkia: gpointstudio/Freepik

Lehen Hezkuntzako irakaslea da Herranz, eta berak dio eskola eta etxea batzen dituen formulak ikasle askori balio diela, baina ez denei, batzuek eta besteek etxean duten egoera sozioekonomikoa, gurasoen laguntza, jarrera eta moduak oso ezberdinak baitira. Etxean ikasten ez duten edo etxean (klase partikularretan?) behar bezalako errefortzua ez duten horien ikasketa murrizten doala eta pixkanaka desmotibatzen, gero eta atzerago gelditzen doazela dio (etxeko egoerak hezkuntzan sortzen dituen desoreka eta arrakalez erreportajea idatzi genuen ARGIAn).

Horiengan pentsatuz aldatu zuen formula irakasleak: helburua, ikasketa prozesua ahalik eta gehien eskola-orduetan bertan ematea, irakasleak berak kudeatuta eta zuzenduta.

Zaila dela aitortu du, klasean ikasleen araberako maila eta erritmo ezberdinetan lan egiteko antolatu beharra dagoelako, material ezberdinak prestatu behar direlako, denbora tarte gehiago hartzeko prestatu, ikasle batzuek besteei elkar laguntzeko moduak bideratu… “‘Ez duenez etxean ikasten, ezin dut klasean miraririk egin’, pentsamolde horrek dagoeneko ez du balio, helburua da ikasle guztiek ikas dezatela, nor bere kontura utzi gabe”. Horretarako, pedagogia, didaktika, soziologia eta psikologia arloak oso baliagarri izan zaizkiola dio, eta ez dagoela formula magikorik, beti ez dela asmatzen; "batzuetan, ez dugu lortzen hainbat ikasle harrapatzea".

Ikasle guztiak ez ditu harrapatu, baina esperientziak ekarri du txikitzea paso egiten duten ikasleen kopurua, desmotibatuta dauden edota espektatiba eta autoestimu gutxi duten ikasleen kopurua.

"Azkenean erabaki egin behar duzu, ea curriculum guztia eman nahi duzun edozein modutan dela ere, ala zati batzuk patxada handiagoz landuko dituzun, beste gauza batzuk kanpoan utzi arren"

Traba nagusietakoa, denbora falta

Irakasleak dio ikasketa prozesua eskola-orduetara mugatzeak denbora falta eragiten duela curriculum guztia emateko. "Nire muga handienetakoa hori da, eta azkenean erabaki egin behar duzu, ea curriculum guztia eman nahi duzun edozein modutan dela ere, ala zati batzuetan gehiago zentratu eta gehiago landu nahi dituzun, patxada handiagoz, beste gauza batzuk kanpoan utzi arren". Bestelako eztabaida bati atea irekitzen dio gaiak: curriculum luzeegiak eta edukiz beteegiak al ditugu hezkuntzan?

Guraso batek José Antonio Herranzi esan dio Lehen Hezkuntzan etxean ikasteko ohitura sustatzen joatea ez dela txarra, gero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolako ikasgaiak etxean indartu eta sakondu behar izaten dituztelako, eta aurretik ohitura hori hartu ez duenarentzako ziklo batetik besterako kolpea handia izan daitekeelako. Herranzen ustez, lehenengo ikasten ikastea aproposagoa da (eta Lehen Hezkuntzan egin daiteke) eta gero ikasteko ohitura indartu daiteke (Bigarren Hezkuntzan). Zentzu horretan, Haur Hezkuntzako adibidea jarri du beste guraso batek: txikiek eskolan gauza asko ikasten dituztela eta aurrerapauso handiak ematen dituztela dio, etxerako lanak egin behar izan gabe.

Txio hari honetan kontatu du esperientzia José Antonio Herranz irakasleak.