"Jaurlaritzak, derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu". Oraingo hezkuntza-legea? Ez. 10/1982 Euskararen legea, duela 41 urtekoa.
Are gehiago: Jaurlaritzak du "ikasleek bi hizkuntza ofizialak benetan menperatzera bideratutako neurriak hartzea ere eta ikasketa-planen egokitzapena". Hori ere, 10/1982 legekoa.
Oraingo Hezkuntza Legean Jaurlaritzak maila jakin bat jarri dio "benetan erabiltzeko" gaitasun horri: B2. Horixe berrikuntza.
Sinisten lanak ematen badu ere, Hezkuntza Legearen proiektuak hauxe jasotzen du:
Pentsa zenbaterainokoa den legearen miraria: aurten 4. DBH amaituko duen ikasleak B1 maila lortuko du; datorren urtean amaitzen duenak, B2
Legearen aurreproiektuan, kanpoko kontrol eza salatzen genuen. Behin betiko testuan ere, "ikasleen ardura beren gain duten irakasle-taldeek ebaluatuko dute gutxieneko helburu horiek betetzen diren". Proiektuan berdin jarraitzen du horrek, baina: "Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak jarraipen-sistema eraginkor bat jarriko du abian, ebaluazioaren emaitzak hobetzeko eta ezarritako helburuak lortzeko". Bada zerbait; ez da nahikoa. Batetik, ez delako kanpoko kontrola eta, bestetik, hiru gauza sinestu beharko genituzkeelako. Lehena, orain arte egin ez dutena (B ereduko ikasleek B1 maila lortzen zutela konprobatzea) aurrerantzean egingo dutela. Bigarrena, hezkuntza legeetan euskararen aldeko neurriak beteko dituztela. Kasu! Jaurlaritzak ez ditu betetzen 2018ko Lanbide Heziketaren legearen 27.1, 27.2, 27.3 atalak, guztiak ere euskarazko irakaskuntzaren aldeko neurriak. Hirugarrena, sinetsi beharko genuke helburua lortzen ez duten ikastetxeak ingeles gutxiago eta euskara gehiago ematera behartuko dituztela. Ikastetxeen negozioaren eta Vocento taldearen kontra behartu ere.
Edonola ere, zalantza/mesfidantza oro uxatzea oso erraz dute. Nahikoa dute araubide orokorreko hezkuntzarako jasotzea lege honetan bertan araubide bereziko ikasketetarako jasotzen dena: 16. artikulua, 3. puntua: "(…) Hezkuntza Sailak hizkuntzen ezagutza-ziurtagiriak lortzeko ebaluazio- eta homologazio-proben ezaugarriak arautuko ditu". Sinplea, argia, zehatza.
Eskolaz kanpoko jardueretan, fokoa ez da funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan jarri behar, baizik eta funts publikoekin finantzatutako kirol, kultur eta aisialdi jarduera guztietan
Bestetik, ezinbestean euskaraz behar ditugun eskolaz kanpoko jardueren gaian, foko (lausoa) ikastetxeetan jartzen du legeak: "Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetan, euskara izan behar da, jeneralean, ikastetxean bertan garatzen diren jardueretarako adierazpidea". Jardueretako adierazpidea? Jardueretako hizkuntza, ezta? Eta fokoa ez da funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan jarri behar, baizik eta funts publikoekin finantzatutako kirol, kultur eta aisialdi jarduera guztietan.
Eta irakasleen kasuan? Aldaketak daude, bai. Kendu dute euskarazko C1+ mailari buruzko aipamena, jakina! Zertifikatzen ez den maila bat legean jasotzea ere!
Baina egin dutena tristea bezain argigarria da, lege-proiektua presaka eta korrika itxi izanaren adierazgarri. 70. artikuluko 2. puntua: "Irakasleek euskarako C1 maila eta ingeles-irakasleek ingeleseko C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko da".
Hara! Aurrerantzean irakasleei ez zaie euskarazko C1 maila eskatuko? "Irakasleek euskarako C1 maila (…) lortzeko prestakuntza sustatuko da"? Exijitu, orduan, zer exijituko zaie?
Irakasleoi maila bera eskatuko digute gure hizkuntza propioan eta ingelesean. Euskara ardatz izango ei duen euskal eskolan, ingelesa euskara beste jakin beharko da?
Are gehiago: benetan ezarri gura da legean, euskarako C1 maila baino handiagoa ez dela eskatuko? Legez ezarri gura da maila hori baino altuagoa lortzeko prestakuntzarik ez dela sustatuko?
Irakasleoi maila bera eskatuko digute gure hizkuntza propioan eta ingelesean. Euskara ardatz izango ei duen euskal eskolan, ingelesa euskara beste jakin beharko da?
Gogoratu: EAEko irakasle izateko oposizio osoa gaztelania hutsean egin daiteke, hizkuntza modernoetan izan ezik. Hau da, Matematika euskaraz emateko (eta Fisika, Historia, Natur Zientziak, 1. Hezkuntza…) oposizio osoa gaztelania hutsean egin daiteke, ahozko proba eta idatzizko proba.
Bide batez: aurrerantzean, ikasgaiak gaztelaniaz ere ematen hasten direnean, irakasleak gaztelaniaz berba egingo die ikasleei, eta hizkuntza horretan jasoko ditu erantzunak. Akabo, irakasleon hizkuntza-erreferentzialtasuna.
Etxekalte-legeak miraria egingo du: orain arte DBH amaitzean B1 lortzen zuten ikasleek, eta B2 batxilergoa amaitzean. Aurrerantzean, B2 lortuko dute DBHn… eta batxilergoan? Legean aipatu ere ez da egiten. Oraingo logikari jarraituta, B2 onartzen bazaie DBHko ikasleei, batxilergokoei... C1. Irakasleentzat "sustatuko den" maila goren berbera. Ala batxilergokoekin mirari-legeak ez du funtzionatuko? Nekez azal daiteke ikasleek askoz euskara gehiago ikastea DBHn, baina ikasle berberek batere euskararik ez ikastea batxilergoan.
Legebiltzarkide euskaltzaleei, beraz, proposamen hauxe:
Mikel Basabe Kortabarria, irakaslea