Etxebizitzen garestitzeari aurre egin asmoz, tabu bat hautsi da Berlingo iritzi-publikoan: etxejabe handiei pisuak kentzeko aukera mahai gainean dago eta erreferendum bidez bozkatuko da.
Inon ez da ari etxebizitzaren prezioa Berlinen bezainbeste hazten eta egoera horren aurrean neurriak hartzen hasi dira erakunde publikoak. Duela zenbait hilabete, Alemaniako hiriburuko agintariak ehunka pisu erosten hasi ziren, higiezinen enpresa handiek eskuratu ez zitzaten.
Baina neurri hori ez dela nahikoa jabetu dira eta erreferendum bat egiteko aukera indarra hartzen ari da. Galdeketa horrek mahai gainean jarriko du orain arte tabua izan den gaia: etxejabe handiei pisuak desjabetzeko aukera, ondoren etxe horiek alokairu sozialean errentan jartzeko.
Erreferendum horretatik aterako litzatekeen legearen xedeetako bat honakoa da: ateak ixtea 3.000 etxe baino gehiago dauzkaten jabeei hirian euren negozioa egiteko.
Ezaugarri horiek betetzen ditu Deutsche Wohnen AG higiezin-enpresak, zeina hiriko etxejabe handiena den eta askoren ustez Berlingo alokairuak garestitzearen errudun nagusienetako bat.
Ekimena gauzatzeko, 20.000 sinadura bildu behar dituzte, Berlinen gai honekin sumatzen den eztabaida publikoa kontuan izanda egingarria dirudien zerbait.
200.000 etxe desjabetzeko aukera izango lukete erakunde publikoek neurriak aurrera egingo balu. Espropiazioengatik jabeak jasoko lukeen dirua merkatuaren baliotik beherago legoke, ekimena bultzatu duen aktibistekin hitz egin ondoren Der Tagesspiegel egunkariak jaso duenez.
Die Linke ezkerreko alderdiak ekimenarekin bat egin du, baita Berdeetako zenbait kidek eta SPD alderdi sozialdemokratako batzuek ere.