argia.eus
INPRIMATU
Etxejabe handi batek Bilboko eraikin bat erosi ondotik, bertako bizilagunek borroka abiatu dute
  • Bilboko Alde Zaharreko eraikin bat osorik erosi du etxejabe handi batek. Iraungitako alokairu kontratuak zituzten bizilagunek epe-laburrean alde egin behar dute, eta bertan jarraitzen dutenen susmoa da beraiek ere alde egitera behartuko dituztela. Hala bada, AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatura batu dira, eta borroka abiatu dute. Operazio espekulatibo baten aurrean daudela deritzo sindikatuak.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko azaroaren 11
Erribera 9 eraikina etxejabe handi batek erosi zuela jakinarazi zuten unea (Argazkia: Txeng Meng)

Urriaren 8an "Etxebizitzak defendatuz, arrakala zabaldu!" lelopean manifestazioa deitu zuen AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak, eta mobilizazioa probestu zuten aurkezpen parea egiteko: batetik, Somera kalean dagoen Arrakala II espazio burjabetua eman zuten ezagutzera, eta bestetik Erribera kaleko 9. zenbakiko kasuaren berri eman zieten bertaratutakoei. Eraikinaren paretik pasatakoan, manifestazioak geldialdia egin zuen, eta bizilagunek zabaldutako pankartaren bidez jakinarazi zen etxejabe handi batek erosi zuela eraikina.

Hilabeteren ostean, AZETek idatzi bidez eman du ezagutzera zertan datzan kasua. Azaldu dute etxejabe handi batek luzaroan bost familiaren bizilekua izan dena erosi duela, eta bizilagunak egun batetik bestera izan zutela salerosketaren berri. Bost familiatik bik iraungitako alokairu kontratuak zituzten, eta jabe berriak ez dizkienez berritu, epe-laburrean alde egin eta bizitzeko alternatiba bat bilatu beharrean ikusi dira; abenduan utzi beharko dute beren bizitokia.

Gainontzeko hiru familiek indarrean dituzte kontratuak, baina sindikatuaren arabera "ezer gutxi dakite kontratu horiek oinordetzan jaso dituen jabetza berriari buruz, ezta honen asmoaz". Antza, ez dute ulertzen zer dela eta izan duen jabe berriak hainbeste presa bi familiak kanporatzeko, eta ez dakite zer egingo duen hutsik geratuko diren bi etxebizitzekin. "Itxura guztien arabera, jabetza berriak edozer egingo du haiek botatzen saiatzeko, haien alokairuak (kasu batzuetan alokairu zaharrak direnak) alokairu altuagoengatik ordezkatuz", egin du irakurketa AZETek. Sindikatuaren arabera, Erriberako 9koa Bilboko Alde Zaharreko "enegarren operazio espekulatiboa" da.

Bizilagunak, beraien etxebizitza ere arriskuan egon daitekeenaren susmoarekin, AZET sindikatura batu dira, haien arazoa sozializatu eta auzokideekin batera borroka abiatzeko. "Argi daukagulako: gure bizitzak, haien jabetzen gainetik daude!", adierazpen horrekin datozen deialdietara adi egoteko eskatu dute.