Urrian San Frantzisko auzoko etxejabe handi baten aurkako kanpaina publikoa abiatu zuen Etxebizitza Taldeak, maizterren aurkako etengabeko jazarpena medio. Bi pertsonari etxetik ilegalki kanporatzearekin egin die mehatxu berriki etxejabeak, eta halakorik onartuko ez duela ohartarazi du AZETk.
Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak urri hasieran egin zuen publiko etxejabe handi baten jazarpenen aurkako kanpaina. Ordutik hona, jazarpenak eten ordez areagotu egin ditu etxejabeak, eta berriki etxetik kaleratzearekin mehatxu egin die sindikatuko kide diren bi maizterri. Kasua puntu horretara helduta, agerraldia egin du Etxebizitza Taldeak.
Larunbat goizean Hernani eta San Frantzisko kaleen arteko bidegurutzean egin duten prentsaurrekoan kasuaren gaineko zehaztapenak eman dituzte. Kaleratze mehatxua jaso duten bi pertsonak San Frantzisko kaleko pisu batean bizi dira, auzoan hamar etxebizitzatik gora dituen etxejabearen jabetzako pisuan. Salatu dute espekulatzaileak migratzaileei eta oro har esklusio arriskuan dauden pertsonei alokatzen dizkiela etxebizitzak, legearen aurrean daukaten babesgabetasunaz aprobetxatzeko. “Jabe handi honek hainbat urte daramatza horrelako praktika espekulatiboak erreproduzitzen”, azpimarratu dute.
Duela hilabete batzuetatik hona, etxejabeak hamaika moduren bitartez jazarri ditu maizterrak, alokairuaren ordainketan atzeratu direnaren aitzakiarekin. Orain ilegalki kanporatu nahi dituela salatu dute, mehatxu bidez helarazi dienaren arabera bere asmoa zarraila aldatzea baita, egun batetik bestera bi maizterrak kalean utziz. Abenduaren 1ean agertu du hori egiteko asmoa. Egoeraren aurrean, etxe kaleratzerik onartuko ez duela argi utzi du AZETk: “Kolektiboki antolatzeko garaia heldu da, espekulatzaileen inpunitatearekin eta udalaren konplizitatearekin amaitzeko unea da”.
Etxebizitza Taldeak gogorarazi du kasu hau salbuespena izatetik urruti, norma dela auzotar askorentzat, eta norma hori are ohikoagoa eta muturrekoagoa bilakatzen dela migratzaileen kasuan. Zentzu horretan, ñabartu dute hori hala bada ez dela bakarrik “diru-gose” eta “arrazista” diren etxejabe handiengatik, eta instituzioek ere badutela erantzukizuna errealitate horren gainean. “Udala eta gizarte zerbitzuak ere egoera honen konplize dira; alde batetik, zailtasun handiak jartzen dizkiete migratzaileei beren eskubideak baliatzeko, eta bestetik, erraztasun handia ematen diete jabeei maizterrei abusu egiteko”. Horren adibide gisa, aipatu dute migratzaileei diru-laguntzetara sarrera izateko trabak jartzen zaizkiela, edota etxejabeei errolda kentzea ahalbidetzen zaiela maizterrei bermerik eman gabe.
Etxe kaleratze mehatxua salatzearekin batera, agerraldia baliatu dute gogorarazteko etxejabeak azken hilabeteetan hainbat eratan jazarri dituela auzokideak. Besteak beste, ondoko abusuzko jarrerak zerrendatu dituzte: maizterren gehiengoa kontraturik eta erroldarik gabe daude alokatuta, eta kontrako egoeran dauden maizterrei plus ekonomikoa exijitzen die; mehatxu etengabeak egiten dizkie errolda kentzearekin, etxe kaleratzeekin, edota Lanbideren aurrean edo epaitegietan salaketa jartzearekin; garbigailuari kaxoia kendu die ezin dezaten arropa garbitu; eta etxeko hobiak eta bonbillak ere kendu dizkie.
Azken asteetan jazarpen hori areagotu egin dela azpimarratu dute, “etxeko egoera jasangaitza muturreraino eramaten saiatuz”: jabeak galdara kendu die, dutxako tutua eta zenbait hobi apurtu ditu, eta etxean agertutako zimitzen aurkako produktu toxiko bat erabili du etxean, maizterrei abisatu gabe; azken ekintza horren ondorioz, maizterretako bat ospitaleratua izan zen, intoxikatuta.
Gogoratzen duzue Sanfraneko espekulatzailea? Gatazkak aurrera darrai!
— AZET Etxebizitza Sindikatua (@AzTaldea) November 26, 2020
📢 Azaroak 28, 10:30etan PRENTSAURREKOA. Hernani eta San Frantzisko kaleko bidegurutzean.
🎥 Bideo honetan gure kide baten testigantza duzue ikusgai. Bertan kasuari buruzko xehetasun gehiago ematen dizkigu. ⬇️ pic.twitter.com/lhOCKG0Bws