argia.eus
INPRIMATU
Etxegarai da berriz ere Euskal Elkargoko presidentea, botoen %63,8 bildurik
  • Euskal Hirigune Elkargorako presidente izaten segituko du ondoko sei urteetan. Hautagaitza bakarra izanda ere, hamasei boz bildu ditu Alain Iriart abertzaleak, bi Claude Olive Angeluko auzapezak eta bat Bernard Lougarot Gotaine-Irabarneko auzapezak. Zuri bozkatu dute 65 hautetsik.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko uztailaren 17a
Euskal Elkargoaren biltzarra

Aurreikusitakoa gertatu da Euskal Hirigune Elkargoaren presidentetzarako bozketan: hautagai bakarra izanez, Jean-Rene Etxegarai orain arteko lehendakaria izanen da berriz ere ondoko sei urteetan egiturako presidentea. 232 hautetsi dira instituzio horretan kargudun eta hauetarik 148k bere alde bozkatu dute; 65 boto zuri ere izan dira.

Nahiz eta haien hautagaitza ez aurkeztu, hamaseik bozkatu dute Alain Iriart Hiriburuko auzapez abertzalearentzat, bik Claude Olive Angeluko auzapezarentzat eta bakarrak Bernard Lougarot Gotaine-Iribarneko auzapezarentzat.

Oroit gara Iriartek plazaratu zuela hautagai izateko xedea baina EH Bai koalizioak hautagaitza abertzalerik ez aurkezteko hautua egin zuela, lehenetsiz Etxegaraien aldeko apostua egitea, "ordezkaritza azkarra" eskuratuz gobernantzan. Hori horrela, hautagaitzarik ez du aurkeztu Iriartek eta hala ere, hamaseik botoa bideratu diote.

Presidentea hautaturik, uztailaren 31an dituzte Kontseilu Exekutiboa eta Prestatze Kontseilua osatuko.

Gobernantzaren II. Paktua

2017an bozkatu zuten I. Gobernantza Paktua berriz eztabaidagai jarri eta II. Paktua bozkatuko dute ondoko batzarrean. Anartean, uztailaren 17 honetan eztabaidatzen dabiltza gobernantzaz. Demagun, Paulo Arzelus Aramendi Hendaiako hautetsiak paktuaren baitan "euskararen erronka" bai ala bai kontutan hartzeko beharra azpimarratu du. Zehazki, ondokoak azpimarratu ditu: gure hizkuntza komunitatearen eskubideak errespetaraztearen alde lanean segitzeko beharra baita ere legea aldarazteko premia, koofizialtasuna lortzeko bidean.

Instituzioaren antolaketa zentralista behin baino gehiagotan kritikatua izan da, batez ere baserri munduko hautetsien partetik. Ohar horiek kontutan hartu nahian dabil Etxegarai eta "eraginkortasuna" eta "hurbiltasunaren bermea" uztartzeko gogoa adierazi du hitzartzean.

2015. urteko Frantziako lurralde antolaketa berriaren legeak ahalbidetu zuen Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera, nonbait urte luzeetan aldarrikatu ezagupen instituzionalari emandako erantzun gisa.