argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan
  • Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota nahi du pisutik, etxea saldu nahi duelako.

Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 03a
Burlatako bi familiek etxegabetze agindua jaso dute. Etxebizitza Sindikatu Sozialista

Familiak kaleratzeko prozesuak abian dira, eta berehalako etxegabetzea jasan dezakete. Bi kasuetan adin txikikoak daude tartean. Lehenengo kasuan, lau seme-alaba dituen familia bat dago arriskuan. Urtebete daramate alokairuko etxebizitzan Burlatan, baina orain, alternatibarik eskaini gabe, etxea galtzeko zorian daude.

Bigarren familiaren kasuan, bost haur dituen amari ezarri diote kaleratze agindua urtarrilaren 30erako. 2013az geroztik bizi da Burlatan emakumea, baina, legezko eta dokumentazio arrazoiengatik ez dute maizter moduan onartzen, ondorioz, ezin izango du etxegabetzeen aurkako moratoriaren babesa jaso. Egoera bereziki larria da, indarkeria matxista pairatu izan baitu emakumeak urte luzez senar ohiaren eskutik, eta egun bost seme-alabekin bizi da bera.

Familiek instituzio publikoetatik alternatibarik jaso ez dutela salatu dute Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Familiak “kale gorrian” uztearen kontura, putre funtsek eta etxejabe partikularrek lehentasuna negozioari ematen dietela salatu dute. Horren aurrean, datozen deialdietara adi egoteko eta antolatzeko deia zabaldu dute.