Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro -Nafarroako Foru Erkidegoko etxebizitza kontseilaria- ere ez da atzean geratu, adierazi baitu Nafarroako Gobernua etxegabetuak izateko arriskuan dauden pertsonak laguntzeko eta “haiekin batera borrokatzeko” (!) dagoela. Horrelakoak entzunda, batek baino gehiagok pentsa lezake etxegabetzeen oasi batean bizi garela, eta erakunde publikoek horiek konpontzeko bidean dihardutela.
Azken hilabeteotan Artikaberrin eta Burlatan etxegabetzearen egunean bertan lortutako garaipenak eraginkortasunaren adierazle dira, baina baita etxebizitza sindikatuen eguneroko lan isila ere
Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak publiko egin duenez, uneotan 141 etxegabetzeri aurre egiten ari gara, hainbat modutan: bide judizialetik, alternatibak emateko presioa eginez edota legez kanpoko etxegabetze saiakerak eragotziz, besteak beste. Azken urteotan etxebizitza sindikatuek egindako lanarengatik ez balitz, arazo hau ia ikusezina izango litzateke gizartearen zati handi batentzat. Ekar dezagun gogora pandemia hasi zenetik zenbatetan esan duten “alderdi aurrerakoietako” ordezkariek etxegabetzeak debekatuta zeudela. Sindikatuon borrokak, baina, adierazpen horien atzeko errealitatea agerian utzi du, eta orain gutxi ausartzen dira horrelakoak lotsagabeki botatzera. “Gure esku dagoen guztia egiten ari gara”; hori da haien mantra -edo errealitatea estaltzeko manta- berria. Instituzioekiko independentea den borrokaren merituetako bat honetan datza, hain zuzen: normalizatu nahi duten hori desnormalizatzea. Hego Euskal Herrian, azken bost urteotan, bi egunetik behin bost etxegabetze exekutatu dira bide judizialetik, eta jakin badakigu datu ofizialek erakusten dizkigutenak baino gehiago direla egiatan etxegabetzeak.
Edonola ere, haien gezurrei estalkia erauztea ez da nahikoa. Antolakuntzak eta borrokak merezi dutela erakutsi behar dugu. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista osatzen duten tokian tokiko sindikatuen ibilbideak bide honen eraginkortasuna frogatu du hainbatetan. Azken hilabeteotan Artikaberrin eta Burlatan etxegabetzearen egunean bertan lortutako garaipenak horren adierazle dira, baina baita etxebizitza sindikatuen eguneroko lan isila ere, etxegabetze data iritsi baino lehenago hura gertatzea lortzen duena, edota etxejabeen legez kanpoko saiakerak zapuzten dituena. Politikari profesionalen erretorika faltsua gorabehera, antolakuntza independentea tartean egon ez balitz exekutatzen amaituko zuten hamarnaka etxegabetzez ari gara.
Azken batean, ondotxo dakigu konponbidea ez dela etorriko etxebizitzaren negozioa sustatzen duten enpresari eta politikarien eskutik. Etxegabetze guztien baldintzarik gabeko eta berehalako etetea da guk aldarrikatzen duguna, eta horretarako etxejabe handien poltsikoak atzamarkatu behar dira: tarteko neurriak ere negozioaren kontura hartu behar dira. Kontrakoa egitea sorgin-gurpilari etengabe bazka ematea da, sintomak nolabait arindu nahian gaixotasuna gizentzea, alegia. Apirilaren 5ean, bete ditzagun Donostiako kaleak etxebizitzaren negozioaren aurkako aldarriekin. Etxegabetzeak behin betiko deuseztatu nahi baditugu, negozioaren kontrako zentzuan ekin behar diogu ibilbideari. Ez dago lasterbiderik.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista