argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzeen liderra den BBVAk bere sukurtsalen jabeei eskatu die alokairua %20 jaisteko
  • BBVA multinazionalak Espainiako Estatuan dituen bulegoen erdiaren alokairu-kontratuak bernegoziatu nahi ditu, krisi ekonomikoaren aurrean "kostuak gutxitzeko". Bitartean, hipoteka edo alokairua ordaindu ezin duena etxetik kanporatu nahian jarraitzen du –aste honetan Katalunian sei familia–.

Axier Lopez @axierL 2020ko urriaren 02a

Carlos Torresek zuzendutako bankua higiezinen birfinantzaketan espezializatutako lau enpresarekin jarri da harremanetan, alokairu-kontratuaren jaitsiera negoziatzeko errentatzaileekin. El Confidencial hedabideak aurreratu duenez, bankuaren iturri ofizialak aipatuz, hileroko alokairuaren prezioa % 20 jaisteko eskatu die BBVAk bera maizter dagoen 1.200 bat sukurtsaletako jabeei, Espainiako Estatuan dituen erdia, gutxi gora behera.

Datu ofizialen arabera, Bilbon egoitza duen erakundeak 2.593 bulego zituen Espainiako Estatuan ekainaren 30ean, 2019ko amaieran baino 50 gutxiago eta duela urtebete baino 141 gutxiago.

El Confidencialen arabera, negoziazioa ez da erraza izango. BBVAk duela lau urte lortu zuen alokairu-kontratua jaistea, jabeei esanez baldintzak murriztu ezean bulegoak itxiko zituela. Orain, BBVAk alokairuaren prezioaren jaitsieraz gain, aldaketa kualitatiboak ere egin nahi ditu, hala nola abalaren kostua, bermeak eta kalte-ordaina, bankuak kontratua alde bakarrez ezeztatzea erabakiko lukeen kasuetan.

BBVA Taldeak 4.830 milioi euroko irabaziak izan zituen 2019an (2018an baino % 2,7 gehiago), 2009tik hona izandako handiena.Halere, 1.157 milioi euroko galerekin itxi zuen 2020ko lehen seihilekoa eta haren kotizazioa % 50 jaitsi da.

Gehiengo sindikalak BBVAren Bilboko egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzea 2017ko maiatzean. Argazkia: SAT sindikatua
 

BBVA, etxegabetze eta etxebizitza hutsen txapeldun

Krisi ekonomikoaren aitzakian, bankuek bultzatutako etxegabetzeen kopuruak oso handiak zirenean, 2011 eta 2013 urte artean, Espainiako Estatuan izan ziren etxegabetzeen %59ren sustatzaile izan ziren BBVA, Bankia, Santander eta Caixabank. Hipotekak Kaltetutako Plataformak egindako txosten baten arabera, pertsonen % 84 alokairua edo hipoteka ezin ordaintzeak sortutako egoera negoziatzen saiatu ziren bankuekin. Saiakera horien emaitza negatiboa izan zela adierazi zuen % 93,1ek.

2012ko lehen hiruhilekoko estatistiken arabera, egunero batez beste 517 familia bota zituzten beren etxeetatik Espainiako Estatuan. 2019an 60.000 bat familia utzi zuten etxerik gabe.

Etxebizitza hutsen kasuan ere BBVA da jenderik gabeko etxeen jabe nagusietako bat Espainiako Estatuan. Katalunian pisu huts gehienen jabe dela gogorarazi du La Directako kazetari Gemma Garciak: 5.949 etxebizitza huts ditu BBVAk eta aste honetan bertan sei familia etxetik bota nahi izan ditu.