argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzeekin amaitzeko Herri Ekimen Legegilea Espainiako Kongresuan eztabaidatuko dute
  • Etxea hipotekaren truke kitatzeko Herri Ekimen Legegilea tramitera onartu du Espainiako Diputatuen Kongresuak, atzo PPk ezustean alde bozkatu ostean. Hainbat sindikatuk, Hipotekak Kalteturiko Plataformak (PAH) eta beste zenbait gizarte eragilek bultzaturiko ekimen honek 1,4 milioi sinadura biltzea lortu zuen etxegabetzeen aurka eztabaida bat hasteko asmoz.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko otsailaren 13a
Kongresuan PAHko zenbait kidek protesta egin zuten. (argazkia: eldiario.es)

Ekimenaren eskakizunak

Herri Ekimen Legegileak, ororen gainetik, hiru eskakizun hauek egiten ditu: etxegabetzeen moratoria  orokorra; bankuek etxea kentzerakoan hipoteka ordaintzeari uztea, eta Gobernuaren 6000 gizarte alokairuzko etxebizitzen eskaintza gaindituko duen etxebizitza parke bat sortzea.

PAHko kideak, kanporatuak

Hipotekak Kalteturiko Plataformako kideen protestek kongresuko eztabaida eten zuten amaiera aldera. Plataformako ordezkari Ada Colau eta beste hainbat lagun PPko diputatuen aurka altxatu ziren “kanpora, kanpora” edota “lotsagabeak” bezalakoak esanez. Protestek Teodoro García diputatu popularraren ezustea ekarri zuten, etxegabetzeen inguruan eztabaidatzearen aldeko ekarpena ongi hartua izango zela uste baitzuen. Jesus Posada kongresuko buruak plataformako kideak kanporatzeko eskatu zuen.

Kanpoan ere protestak izan ziren, hala ere. Hipotekak Kalteturiko Plataformako edota M15 mugimenduko hainbat kidez gain, beste ehunka pertsona bildu ziren behe-ganberaren aurrean. PPko diputatuek etxegabetzeen eztabaidari argi berdea eman zionean “bai, ahal da!” bezalako oihuak entzun ahal izan ziren bertan, “bankariak lapurrak” edota bipartidismoaren aurkako oihuekin batera. Poliziak, aurrekoetan ez bezala, ez zituen manifestariak Neptuno plazaraino mugiarazi, eta bertan jarrai zezaten baimendu zuen.