argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk
  • EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 18a
Aitor Esteban kongresuan. / Argazkia: EAJ/PNV

Proposamenaren helburua da Prozedura Kriminalaren Legea (LECrim) aldatzea, artikulu berri bat gehitu eta, horren bidez, etxebizitza okupatzearen delituaren kasuan, epaileak edo auzitegiak “gehienez ere 48 orduko epean etxea uzteko neurria har dezan, jabe edo legezko edukitzaileak beste titulu baten bidez kautelazko eskaera egiten duenetik hasita, kauziorik eman beharrik gabe, higiezinaren okupatzaileek eskatu eta gero, bertan irautea legitimatzen duen titulu juridikoa erakusten ez duten bitartean”.

Gaineratu dutenez, “hustea erabakita eta betearazi aurretik”, okupatzaileei beste bizileku bat ematea errazteko eskumena duten zerbitzuei jakinaraziko zaie, “kalteberatasun bereziko kasuetan”.

PSOEk zuzenketa bat erregistratu zuen aurreko legealdian, 48 ordutan etxegabetzeak baimentzeko, baina bizilekua bortxatzeko kasuetara mugatuta, ez alokairu edo hipoteka bat ordaindu ezin duten pertsonetara. PP haratago joan zen, eta 24 ordutan etxetik ateratzen uztearen alde egin zuen, eta Voxek zuzenean hitz egin zuen "okupei ipurdian ostikoa” emateaz.