argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzea salatzeko Kutxabanken aurrean kanpatu dute Errenterian
  • Kutxabanken etxegabetze bat salatzeko, sukurtsal aurrean kanpatu dute hainbat lagunek Errenterian. Emakume bat eta 10 urteko bere alaba datozen asteetan etxetik botatzea saihesteko, hainbat ekintza iragarri ditu Oarsoaldeko Stop Deshaucios plataformak. Errenteriako Udalak etxegabetzearen aurkako mozioa onartuko du hurrengo udalbatzan.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 26a
Gaua Kutxabanken sukurtsal aurrean kanpatuta igaro dute, Errenteriako ama-alaben etxegabetzea salatzeko. (Arg.:@EnekoAnder)

Gaua sukurtsalaren ateetan kanpatuta igaro ostean, elkarretaratzea egin dute herriko hainbat kaletako zirkulazioa geldituta. Kanpaldiaz gain, “presio egiteko” beste ekintza batzuk egingo dituztela jakinarazi eta mobilizazioetan zein etxegabetzearen egunean parte hartzeko dei egin diete herritarrei Oarsoaldeako Stop Deshaucios-eko kideek.

Ama-alabek ez dakite noiz jasoko duten etxea uzteko agindua, baina urriko lehen hamabostaldian izatea espero dute. Haurraren aitarena da hipoteka ordaintzeko ardura baina emakumeak azaldu duenez, “bat-batean” utzi dio ordaintzeari. Kutxabankek pisua enkantera atera zuenean ere, “kasualitatez” jakin zuela gaineratu du.

“Bankuari eskatzen diodan bakarra, edonork bezala alokairua ordaintzea eta alabarekin etxean jarraitu ahal izatea da”, adierazi du emakumeak.

Gipuzkoako Stop Desahucios plataformako kide Xabi Sotok "tamalgarritzat" jo du zor hipotekarioengatik familiak etxegabetzea. Giza eskubideak urratzen ari direla salatu du, jendea etxetik bota eta gero, "etxe horiek hutsik geratu eta espekulaziorako erabiltzen direlako".