Ostegun goizean burutu dute ekintza eta uxerrak ezin izan du familia etxetik kanporatu. Hogeita hamar bat militante elkartu dira Bokaleko etxebizitzaren aitzinean.
Ekainaren 30ean 08:45etan jarria zuen hitzordua Alda mugimenduak Bokaleko Colonel Fabien plazan. Helburua lortu du etxebizitza eskubidearen alde dabilen kolektiboak: familia baten etxegabetzea oztopatu dute 30 bat militantek.
Otsailaren 26an, hamabi hilabeteko etxebizitza-kontratua izenpetu ahal izateko ondoko baldintza ezarri zion jabeak familiari: ekainaren 30ean lekua hustuko zutela zioen dokumentua izenpetzea. Azken eskaera hau erabat ilegala izan arren, "ohikoa" dela deitoratu du Alda-k. Eguna hurbiltzen ari zitzaiela, bertatik ez direla joango jakinarazi diote jabeari, eta hori 2023ko otsailaren 27a arte –bi aldeek izenpeturiko hitzarmena–. Jabeak ez die horrelakorik onartzen eta gaur bidali die uxerra. Azkenean uxerrak ezin izan du bukaerako lekuaren egoera-akta osatu, Alda-ko militanteek prozedura oztopaturik.