argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Bazterkeriaren Aurkako Ekimena
“Inork ez luke hil behar Yolanda hil den bezala”
  • Administrazioek antzeko heriotzak “ezkutatu” eta etxegabeak ikusezin bihurtzen dituztela salatu du ekimen herritarrak. Etxerik ez duten pertsonentzako baliabide nahikoak eta duinak exijitu ditu: “Yolanda hil den egoeran inork ez luke hil behar”.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko maiatzaren 19a
Lakuako frontoian ireki du Gasteizko Udalak etxegabeentzako zentroa, konfinamendu garairako. Argazkia DosporDos.

42 urteko Yolanda V. A. gasteiztarra maiatzaren 15ean hil zen Gasteizko Udalak etxegabeentzat Lakuako frontoian prestatutako zentroan, ohean zela. Hildakoaren familiaren eta lagunen “minarekin bat” egiten duela adierazi du asteartean Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak –hiriko dozenaka mugimendu herritarrek eta sindikatuk osatzen dute ekimena–.

Heriotza “deitoratu eta salatu” du ekimen herritarrak. Yolandari azken asteetan arreta mediku desegokia eman zitzaiola eta zentroko arduradunek gertatutakoa ezkutuan mantendu nahi izan zutela adierazi zioten zentroko haren kideek ARGIAri. Ekimenak salaketa horiekin bat egin du: “Yolanda hil den egoeran inork ez luke hil behar. Salatu nahi dugu joan den asteazkenean gertatutakoa bezalako heriotzak ezkutatu egiten dituztela Administrazioek.”

Egiturazko arazoa

Ekimenak salatu du administrazioaren arabera 2018. urtean, Araban, 325 pertsona zeudela “egoitza-bazterketa egoera larrian”. Estatistika horietatik kanpo geratzen dira migratzaile eta errefuxiatuak, edo “gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzetan bizi direnak”. Gasteizen 54 pertsona zeuden udalak konfinamendu garaian etxegabeentzako propio ireki dituen zentroetan maiatzaren 8an. Konfinamendu aurreko ohiko baliabideetan beste ehun bat gasteiztar dago. Azkenik, Olarizu auzoko udal-etxebizitza abandonatuetan okupatuz beste horrenbeste pertsona bizi da, tartean 20 adingabe, urik eta argindarrik gabe udalak neguaren aurretik biak moztu eta gero. Bazterkeria gure jendartean egiturazkoa da, ekimenaren ustez.

Baliabide nahikoak eta duinak

Lakuako heriotzaren harira, “etxebizitza eskubidea bermatzen ez duten instituzioen jokabidea” nabarmendu du Bazterkeriaren Aurkako Ekimenak: “Ez al dago gaitasunik gure lurraldean 100 pertsona baino gehixeagori baliabideak emateko, prekarietaterik okerrenean jarrai ez dezaten? Horrela ulertzen al dute Gorka Urtaran jaunak eta Ramiro González jaunak auzolana?”. Etxebizitza eskubidea bermatzea eta “pertsona guztiei arreta duina eskaintzeko” plaza eta baliabide nahikoak exijitu dizkie ekimenak Gasteizko Udalari eta Arabako aldundiari.