argia.eus
INPRIMATU
Etxegabeentzako baliabide gehiago jartzea eta protokoloak berrikustea eskatu diote hainbat eragilek Donostiako udalari
  • Hainbat hiritar, eragile eta mugimenduk bat egin dute Konstituzio plazan, eta salatu dute etxegabeak artatzeko "udal baliabide nahikorik ez dagoela", eta egun dauden protokoloen funtzionamendua "zalantzagarria" dela. Zehazki, Alde Zaharreko bizilagunek, Hiritarron Harrera Sareak, Sos Arrazakeriak, Infernua Bizirikek, eta Darkumek antolatu dute prentsaurrekoa. Era berean, euren babesa ematen izan dira: LAB sindikatua, Elkarrekin Donostia, EH Bildu, Ehun elkartea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, eta Egia Bizirik auzo elkartea.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Maite Reizabal 2021eko urtarrilaren 13a

Duela hilabete batzuk, kale egoeran bizi diren pertsonen egoera ikusita, Parte Zaharreko hainbat bizilagun antolatzen hasi ziren, janaria, mantak, eta bestelakoak emateko. "Bi hilabete pasa dira geroztik. Gorriak pasa dituzte hotzarekin", nabarmendu dute. Pasa den astean Donostiako Udalak Hotzaldi aterpea zabaldu zuen Uban, hotzagatik abisua zela eta. Espazio hori tenperatura 5 gradutik jaisten denean zabaltzen dute, kalean bizi direnek han lo egiteko aukera izan dezaten, eta 20 lagunentzako lekua du soilik. "Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak (GLUZ) erabakitzen du nor sartzen den, norberaren zaurgarritasunaren arabera". Aldiz, hotzagatik abisua igaro denez gero, gaurtik aurrera ez dute berriro zabalduko, hurrengo abisura arte. "Kale gorrian daude berriro, eta orain erraz lau bat gradu egingo ditu kalean", salatu dute.

Horrekin batera, toki guztiak bete ez direla salatu dute. "Harrera Sareak, herritarren beste kolektibo batzuen laguntzarekin, behin eta berriz eskatu behar izan zuen ateak irekitzea, Hotzaldi Aterpe horretan plaza libreak zeuden arren GLUZeko zerrenda horretan ez agertzeagatik onartzen ez zituzten pertsona batzuei", adierazi dute.

Hala ere, izan dira egun hauek guztiak kalean igaro behar izan dituzten etxegabeak. John da horietako bat. IRUTXULOKO HITZAk Johnen tesgitantza jaso zuen joan den astean gaiari buruz egindako erreportaje batean, baita Mohammed eta Mikena. Hain zuzen, Mikek ere prentsaurrekoan parte hartu behar zuen, baita Jedi izeneko beste gazte batek, baina ezin izan dute bertaratu Ertzaintzak Egian atxiki dituelako. Ertzaintzaren "erasotzat" jo dute gertatutakoa; etxegabeek Ertzaintzaren "jarrera iraingarria" salatu ohi dute. "Egun hauetan bizi izan dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan, oso jarduera zalantzagarriak izan dira ertzainen eta udaltzainen aldetik".

Bestalde, nabarmendu dute udalak "bere gain" hartu beharko lukeela "negua hastear zegoela eragindako etxe-hustuketen (azkena, Infernuko eraikinetakoa) ondorioen gaineko erantzukizuna". Hain zuzen, bai John, bai Mike eta bai Mohammed han bizi ziren. Aipatutako guztiak aintzat hartuz, deialdian parte hartu duten eragile eta mugimenduek eskatu diote udalari bete dezala "hotzaren aurkako babes sistema sortu zeneko helburua" eta "ez diezaiola atea itxi egun hauetan kalean dagoen inori". Horrekin batera, hotzaren aurkako "ekipamendua" eta "jatekoa" emateko ere eskatu dute.