argia.eus
INPRIMATU
Etxegabeen Neguetxea ireki ez izana salatu dute Zarautzen
  • Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eraikina. Zarauzko Udalak hala eskatuta, azken zortzi urteetan etxegabeei aterpea emateko erabili da. Udalari erantzuteko eskatu diote joan den asteburuan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko otsailaren 11
Larunbatean Zarauzko Udal atarian egindako prentsaurrekoa.

Urtarrilaren erdialdera zabaldu zen berria: 2011tik gaurdaino etxegabeei aterpea emateko erabili den Zarauzko Monte Albertia eraikineko gunea aurtengo neguan ez da irekiko. “Zarautzen ez dugu leku aproposik topatu Neguetxea kokatzeko”, esan zuen Udaleko Gizarte Zerbitzuen Saileko arduradunak. Gaia kalera ateratzeko asmoz, Danda gazte asanbladak Neguetxearen alde borrokatzeko deia luzatu du. Udaletxearen aurrean prentsaurrekoa egin dute joan den larunbatean, otsailaren 9an.

Gipuzkoako Foru Aldundiarena da Monte Albertia eraikina. 2011z geroztik, Zarauzko Udalak urtero baimena eskatu eta erabili du azarotik martxora, boluntario talde baten laguntzaz, etxegabeei aterpea eman eta beharrizanak asetzeko baliabideak eskaintzeko. Aurten bi erakundeak ez dira adostasunera iritsi.

Gazte asanbladak Udala jarri du jomugan: “utzikeria eta borondate falta” salatu du. Monte Albertiaz gain, herrian eraikin publiko gehiago hutsik daudela esan dute agerraldian. Dena den, arazoari konponbidea ematea erakunde guztien ardura dela azpimarratu dute. Neguetxeen eskasia salatu dute: eskualde osoan ez dago zerbitzua ematen duen bat bera ere, legeak arautzen duen arren.

Irtenbidea eman nahian

Gazte asanbladak bultzatuta, arazoari herri mailako erantzun kolektiboa eman nahi diote. Igande arratsaldetan biltzen dira, eta bertaratzeko deia luzatu dute. Martxan jar daitezkeen ekintzetarako boluntario zerrendak osatzen ari dira. Laguntzeko prestutasuna duen edonork izena eman dezake negukoetxea@gmail.com helbidean. 

Prentsaurrekoan irakurritako testua osorik Zarauzko Hitza agerkariak jaso du esteka honetan.