argia.eus
INPRIMATU
Etxegabeen diskriminazioa salatu dute Baionako herriko etxearen atean
  • Bihar Baiona taldeak egin du protesta, Jean Rene Etxegaraik indarrean jarritako ordenantza berria etxegabeekiko diskriminatzailea dela salatzeko. Herritarrek ere protesta deitu dute arratsaldean, auzi beraren harira.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 24a
Argazkiak: @JulienDelion

Ostegun goizean bederatzi lagun Baionako herriko etxearen parean eseri dira, egiazko zein pelutxezko txakurrak ondoan zituztela. Ekintza Bihar Baiona taldeak gauzatu du, salatzeko Baionako auzapez Jean Rene Etxegaraik aurreko astean aurkeztu zuen ordenantza diskriminatzailea dela etxegabeekiko.

Aipatu neurrien bidez, debekatua dago goizeko zortzietatik gauerdira arte kaleen “gehiegizko okupazioa”, oinezkoak “trabatzeko arriskua” dagoen tokietan eserita edo etzanda egotea, bi txakur baino gehiago elkartzea edota zenbait tramankulu kalean jartzea, hala nola janaria prestatzeko tramankuluak edo txakurren jateko ontziak.

Neurriok etxegabeak jo puntuan jartzen dituela salatzeaz gain, Bihar Baionak salatu du neurri horien gaineko eztabaidarik ez dela burutu.

Ostegun arratsaldez ere egingo dute neurriak gaitzesteko protesta, herritar talde batek elkarretaratzea deitu baitu 16:30ean herriko etxe parean, “Pobreen kontra egin ordez, pobreziaren kontra egin dezagun!” lelopean. Asmoa da bertan egotea gauera arte.